Itxi

Operazio militarra

24 orduan 300 errusiazale hil dituztela adierazi du Kieveko Gobernuak

Erredakzioa

Errusiazaleek, berriz, zazpi hildako eta hamar zaurituren berri eman dute. Dena den, Ukrainako soldaduei aurre egiten jarraitzeko 'zailtasunak' dituztela onartu dute.

Azken 24 ordutan 300 errusiazale baino gehiago hil dituela adierazi du Ukrainak. Argazkia: EFE

Azken 24 orduotan 300 errusiazale baino gehiago hil dituzte Ukrainako Donetsk eta Luhansk eskualdeetan, Ukrainako Gobernuak atzo hasitako terrorismoaren kontrako operazioko Vladislav Selezniov bozeramaileak baieztatu duenez. Halaber, 500dik gora dira zaurituak.

"Atariko datuen arabera, 300 errusiazale baino gehiago hil dira eta 500 inguru zaurituta daude. Ukrainaren aldean, berriz, bi soldadu hil eta 45 zauritu dira", adierazi dio Selezniov bozeramaileak Unian Ukrainako albiste agentziari.

Errusiazaleek, berriz, zazpi hildakoren eta hamar zaurituren berri eman dute. Hala ere, Ukrainako soldaduei aurre egiten jarraitzeko "zailtasunak" dituztela onartu dute.

Sloviansk eta Krasni Liman hirien inguruetan "borroka gogorrak" izaten ari dira, eta, itxura guztien arabera, Ukrainako Armadak errusiazaleen kontrolgune ia guztiak suntsitu ditu.

Operazio militarraren bozeramaileak jakinarazi duenez, Ukrainako Armadak inguratuta daukan gunetik atera nahian dabiltza errusiazaleak. Atzo, Ukrainako Armadak terrorismoaren kontrako operazioa abiatu zuen hegazkin, helikoptero eta tankeen laguntzarekin.

Aleksandr Turtxynov Ukrainako presidenteak Donetsk eta Luhansk eskualdeetan gerra legea ezartzeko eskatu dio herrialdeko Segurtasun eta Defentsa Kontseiluari.

Bi hilabeteren ondoren, Ukrainako Armadak ez du oraindik errusiazaleak garaitzea lortu, eta dagoeneko 181 dira hildakoak, azken bi egunetan zendutakoak kontatu gabe.

Albisteak (2)

Informazio gehiago (1)