Gatazka
Ukrainak eta Errusiak gatazka konpontzeko pausoak adostuko dituzte
Erredakzioa
Bestalde, Barack Obamak esan du Errusiak Petro Poroshenko Ukrainako presidente hautatuaren Gobernuarekin soilik lan egiten badu izango dela gatazka amaitzeko aukera.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Petro Proshenko Ukrainako presidente hautatuak esan duenez, Vladimir Putin Kremlineko buruarekin adostu du Ukraina ekialdean gatazka konpontzeko lehenengo pausoak emateko Errusiako mezulari bat bidaliko duela Kievera.
"Ukrainara Errusiako ordezkari bat etorriko da, eta egoera hau konpontzeko lehenengo pausoak harekin eztabaidatuko ditugu, baita presidente bezala aurkeztu dudan plana ere; horrek Errusiako Federazioaren eta Ukrainaren aldetik pauso jakin batzuk aurreikusten ditu", adierazi dio Poroshenkok prentsari.
Poroshenkok adierazi du negoziazioak igande honetan bertan hasiko dituztela. Ostiral honetan bildu da Ukrainako presidentetzako hauteskundeetatik lehen aldiz Putinekin, Normandiako lehorreratzearen 70. urteurrenean, Frantzian.
Putinek eta Poroshenkok su-etena eskatu dute Ukraina ekialdean
Vladimir Putin presidente errusiarrak eta Petro Poroshenko Ukrainako presidente hautatuak gobernuaren menpeko indarren eta Errusiaren aldeko errebeldeen arteko su-etena eskatu dute Ukraina ekialdean.
“Hizketaldi labur batean, Ukraina hego-ekialdean odol-jarioa etetearen alde mintzatu dira Putin eta Poroshenko, eta bi aldeen (Indar Armatu ukrainarrak eta Ukrainaren federalizazioaren jarraitzaileak) arteko ekintza militarren inguruan ere hitz egin dute”, adierazi du Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek hedabide errusiarren aurrean.
Herrialde baltikoko gatazka konpontzeko, “bide politiko baketsuetatik at alternatibarik ez” dagoela uste dute bi agintariek, Peskovek azaldu duenez.
Bi agintariak biltzen diren lehen aldia da. Frantzian izan da topaketa, Normandiako Lehorreratzearen 70. urteurrena dela eta egindako omenaldi ekitaldian. François Hollande presidente frantziarrarekin eta Angela Merkel kantziler alemaniarrarekin ere bildu dira Putin eta Poroshenko. Azken hori, gainera, bihar izendatuko dute presidente Kieven.
Bestalde, Barack Obama presidente estatubatuarrarekin batzartu da Putin hamar-hamabost minutuz. “Aurrez hitzartuta ez zegoen arren, bi agintariek Ukrainako egoeraren eta herrialdearen ekialdeko krisiaren inguruan mintzatzeko aukera izan dute. Indarkeria eta ekintza militarrak murriztearen beharraz hitz egin dute”, adierazi du Peskovek.
Obamak esan du Errusiak Poroshenkorekin lan egiten badu soilik amaituko dela gatazka
Bestalde, Normandiako lehorreratzearen 70. urteurren ekitaldian, Barack Obama Estatu Batuetako presidenteak nabarmendu du Vladimir Putin haren Errusiako homologoak Petro Poroshenko Ukrainako presidente hautatuaren Gobernuarekin soilik lan egiten badu izango dela gatazka amaitzeko aukera.
"Obamak argi utzi du Errusiaren esku dagoela Poroshenko legezko buru onartzea, ekialdeko separatistei babesa amaitzea eta armak eta materiala mugan ematea uztea", azaldu du Ben Rhodes Segurtasun Nazionaleko aholkulariak.
Errusiazaleen miliziek Ukrainako abioi militar bat bota dute Slaviansken
Bitartean, errusiazaleen miliziek Ukrainako Indar Armatuen abioi bat bota dute, Slaviansken, Donetskeko eskualdean, Itar-Tass albiste agentziako bozeramaile batek jakitera eman duenez.