Zisjordania
Israelek 125 palestinar atxilotu ditu hiru neraberen bahiketa dela eta
Erredakzioa
Netanyahuk bahituen segurtasunaren erantzule izatea leporatu dio Abbasi. Antza, ostegun gauean Israeleko hiru nerabe bahitu zituzten Zirjordanian, eta Israelek bilaketa operatiboa abiarazi du.
Israeleko Armadak 125 palestinar atxilotu ditu, gutxienez, hiru nerabe israeldarren bahiketari erantzunda (orain dela bi egun baino gehiago bahitu zituzten), BBC telebista kate britainiarrak zabaldu duenez.
Palestinako Presoen Elkarteak salatu duenez, 46 pertsona atxilotu dituzte Hebronen, 23 Nablusen, 16 Ramalan, 12 Yeninen, 6 Tubasen, 5 Tulkaremen, 5 Qalqilian, 5 Jerusalemen, 4 Belenen eta 2 Salfiten.
Israelgo agintariek Hebron eskualderako sarbide guztiak itxi dituzte, eta etxeratze agindua ezarri dute, gauerditik aurrera martxan izango dena. Gainera, Gazako zerrendarekin muga egiten duten pasabide guztiak itxi ditu Israelek.
Palestinar Aginte Nazionalak atxiloketak eta Gazako zerrendan izandako bonbardaketak salatu ditu, zazpi urteko haur bat hil baita bertan. Palestinarrek "biztanleriaren aurkako zigorra" dela adierazi dute.
Hiru gazteak ostegun gauean bahitu zituzten, antza denez, Zisjordanian, baina larunbatera arte ez du Benjamin Netanyahuk gertatutako baieztatu. Netanyahuren arabera, "organizazio terrorista palestinarra" izan da bahiketa egin duena.
Horren ildotik, Israeleko presidenteak bahituen segurtasunaren erantzule izatea leporatu dio Mahmoud Abbas Palestinar Aginte Nazionaleko presidenteari. "Abbas eta Palestinar Agintea dira lurralde horietan, Gazan zein Zisjordanian, gertatzen den guztiaren erantzuleak", esan du.
"C Gunean gertatu denez erantzule ez direla esatea gezurra da. Erasotzaileak Palestinar Agintearen eremuetatik etorri ziren, eta Agintea da erantzulea", esan du Oslo IIko bake akordioan agertutako gune baten aipamena eginda.
C Gunea Israeli dagokio, eta Zisjordaniako % 70 hartzen du. A Gunea, ordea, Palestinari dagokio, eta % 3 hartzen du. B Gunea partekatua dago.
Bahitutako baten deia
Israelgo hedabideek jakinarazi dutenez, bahitutako hiru gazteetako batek Poliziari deitzea lortu zuen, bahituak izaten ari zirela abisatzeko. "Bahitu egin gaituzte", garrasi egin zuen gazteak, Poliziarekin kontaktuan jartzea lortu zuenean. Informazio hori lehenagotik ere bazuten hedabideek, baina ez zaie publikatzen utzi gaur arte. Ejertzitoari eta zerbitzu sekretuei ez zieten ezer esan ostiralera arte; orduan, gazteetako baten aitak haren desagerpena salatu zuen. Orduan eman zioten sinesgarritasuna aurreko gaueko deiari.