Itxi

Gatazka armatua

Azken 24 orduetan 279 terrorista hil dituela dio Irakeko Armadak

Erredakzioa

Bestalde, Estatu Islamikoen miliziek Twitterren iragarri dutenez, Irakeko Armadako 1.700 soldadu hil dituzte. Hala ere, informazio hau ez da egiaztatu.

Gatazka armatuak ez du etenik Iraken. Argazkia: EFE

Irakeko Armadak gaur jakinarazi duenez, azken 24 orduetan 279 terrorista hil dituzte Saladino (Bagdadeko iparraldean), Diyala eta Ninive probintzietan.

Bagdaden eskainitako prentsaurrekoan, Qasem Ataa Indar Armatuen bozeramaileak ohartarazi duenez, Armadako tropek Irak eta Sortaldeko Estatu Islamikoen miliziei erasotzen jarraituko dute

Attak Tel Afar udalerrian, Niniveko probintzian, jazotakoa nabarmendu du. Bertan, matxinoen erasoari aurre egin diote auzokideen laguntzaz, eta, horren ondorioz, dozenaka matxino hil dira.

Milizietako beste 30 ustezko kide ere hil dituzte Babeleko probintzian, Bagdadetik 100 kilometrora. "Armadak ekiteko gaitasuna berreskuratu du, eta terroristen mende zeuden aldeak berreskuratzen ari gara", azaldu du. Esaterako, Azim udalerrian, Diyalan, hain zuzen ere. Bagdadi dagokionez, egoera "erabat kontrolpean dago", eta prebentziozko operazio militarrak abiatu dituzte bertan.

Gatazka armatua bizi du Irakek joan den astetik, Irak eta Sortaldeko Estatu Islamikoetako matxino sunitek Irakeko iparraldean eraso handia abiatu zutenetik. Matxinoek hainbat zona kontrolatzen dituzte, tartean, Mosul (herrialdearne bigarren hiri handia), eta Bagdadera iritsiko direlakoan daude.

1.700 soldaduren hilketa

Bestalde, ISIS miliziek Irakeko Armadaren 1.700 soldadu hil dituztela jakitera eman dute Twitterren bitartez, igande honetan 'The New York Times' egunkariak jakinarazi duenez. Matxinoek sarraskiaren irudi latzak zabaldu dituzte, baina informazioa ez da egiaztatu.

Islamistei lotutako Twitter helbidea (@w_salahadden), handik gutxira eten dute.

Albisteak (1)