Indarkeria Iraken
Iraken gatazka zabaltzeko arriskuaz ohartarazi du NBEk
Erredakzioa
Ikertzaile talde baten arabera, "ziurrenik, erregioen arteko gerra baten atarian gaude". Bestalde, ISISeko ehun kide hil dira Tal Afarren izandako eraso batean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Nazio Batuen Erakundeko ikertzaile talde batek Irak iparraldean bizi duten gatazka sektarioa herrialde osora zabaltzeko arriskua dagoela ohartarazi du.
Irakeko eta Siriako Estatu Islamikoa taldearen erasoek gerra piztu dute herrialdearen zati batean, eta, aurreko astetik hasita, iparraldeko hiriak hartzen ari dira, Bagdadera gero eta gehiago gerturatuz. Siriako gatazkaren eraginez, Iraken gerra zibila izateko arriskua areagotu egin da azken asteetan.
"Gatazka hedatzearen arriskuak aurreikusi genituen duela asko, eta orain, erregio mailan ari da zabaltzen", adierazi du Vitit Muntarbhorn Nazioarteko Zuzenbidean aditu eta Nazio Batuen txosteneko kolaboratzaileetako batek. "Ziurrenik, erregioen arteko gerra baten atarian gaude, eta horrek asko kezkatzen gaitu", gehitu du.
Astelehenean, Irak iparraldean aritzen diren ISISen aliatuek gerra krimenak egin dituztela eta ehunka gizon hil dituztela adierazi zuen Nazio Batuetako Giza Eskubideetarako Goi Komisionatuak, Navi Pillayk.
Ban Ki-Moon: "Indarkeria sektario gehiago izateko benetako arriskua dago"
Ban Ki-Moon NBEko idazkari nagusiak gaur adierazi duenez, "Iraken eta haren mugetatik at, indarkeria sektario gehiago izateko benetako arriskua dago".
"Oso kezkatuta nago Irakeko segurtasunaren bat-bateko beherakada dela eta", gehitu du Genevan eskaini duen prentsaurrekoan.
Herrialdeko lider politiko, erlijioso eta komunitarioei bat egiteko deia egin die, ISISek ehunka pertsona hil izana salatu ostean errepresalia ekintzak ekiditeko.
"Erregioko eta nazioarteko herrien babesarekin, Irakeko Gobernuari bakea eta egonkortasuna ezartzen laguntzeko gai izango gara", adierazi du.
Ehun hildako Tal Afarren, ISISen eraso batean
Irakeko eta Sortaleko Estatu Islamikoko (ISIS) gutxienez ehun kide hil dira gaur Tal Afar hirian, Irak iparraldean, Ejertzitoarekin izandako borrokan.
Bagdadeko Gobernuak indar antiterroristak eta 2.000 boluntario bidali ditu Tal Afarrera, ISIS menpean hartzeko. Atzo hartu zuen ISISek Mosul eta Siriako mugaren artean dagoen Tal Afar hiria.
Dozenaka irakiar hil dira gaur, asteartea, Bagdad iparraldeko Diyala eskualdeko hiriburuan, Baquban. Gainera, indarkeriaren eraginez herrialdeko findegi garrantzitsuena itxi ostean, herrialdeko zonalde asko erregairik eta argindarrik gabe gelditu dira.
Gobernu indarrek adierazi dutenez, matxinoen Baquba hartzeko saiakera bat ekidin dute gauez, borroka egin ostean. Bertan hil direnen artean, tokiko espetxeko presoak dira asko, baina ez da zehaztu nola hil diren.
Mendebaldeko herrialde askok, Ameriketako Estatu Batuak barne, sunnitekin negoziatzeko eskatu diote Al Malikiri, Iraken sakabanaketa ekiditeko batasun nazionala eraikitzeko. Hassan Suneid Al Malikiren aliatuak esan duenez, ordea, boterean dagoen Aliantza Nazional xiitak alderdi sunnitekin negoziazio guztiak etengo dituela adierazi du.