Gatazka Ukrainan
Poroxenkok gaur aurkeztuko du Ukrainako hego-ekialderako bake plana
Erredakzioa
Atzora arte, planak 14 puntu zeuzkan, baina "beste bat edo bi" gehitzeko aukera zegoela adierazi zuen Irina Gueresaxenko ordezkariak.
Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak gaur aurkeztuko du herrialdeko hego-ekialdeko eskualdeei begira diseinatutako bake plana. Gobernuaren armadaren eta errusiazaleen arteko gatazkak ehunka hildako utzi ditu eskualde horietan.
Atzora arte, planak 14 puntu zeuzkan, baina "beste bat edo bi" gehitzeko aukera zegoela adierazi zuen Irina Gueresaxenko Donetsk eta Luhansk eskualdeetako gatazka konpontzeko ordezkariaren hitzetan.
Poroxenkok bake planaren ildo nagusiak azaldu zizkion atzo Vladimir Putin Errusiako presidenteari.
Solasaldi horretan, gatibuak aske uzteko beharra azpimarratu zuen Poroxenkok.
Ukrainako presidentearen bake planak aldebakarreko su-etena aldarrikatzea aurreikusten du. Su-eten horren helburua, legez kanpoko erakundeek armak uztea litzateke, Ukrainako Presidentetzako iturrien arabera.