Israel
Israelek eta Palestinak indarkeria uholdea gelditzeko eskatu dute
Erredakzioa
Justizia euren eskutik ez hartzeko esan die Netanyahuk israeldar eta palestinarrei, eta Abasek Jerusalen gazte baten erailketa kondenatzeko eskatu dio Israelgo lehen ministroari.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarrak lasaitasuna eskatu die israeldar eta palestinarrei, eta "justizia euren eskutik" ez hartzeko esan die, nazionalista judutarrek ustezko mendeku gisa gazte palestinar bat hil ostean.
"Lehen ministroak alderdi guztiei eskatzen die justizia euren eskutik ez hartzeko", azaldu du haren bulegoak adierazpen batean.
Astearte arratsaldean, ezezagun batzuek 16 urteko Mohamad Husein Abu Jedeir auto batera sartzera derrigortu zuten Jerusalem ekialdeko Shuafat auzoko mezkita baten atarian.
Israelgo Poliziak gaztearen gorpua aurkitu du gaur goizean, zonalde menditsu batean, indarkeria zantzu nabarmenekin.
Albistea zabaldu bezain pronto, ehunka pertsona gaztearen etxe aurrean bildu dira, eta Poliziaren aurka harriak jaurti dituzte. Agenteek gas negar-eragilearekin, soinu bonbekin eta gomarekin bildutako balekin erantzun diete erasoei.
Ekainaren 12an desagertu eta astelehenean Hebrondik gertu agertu ziren hildako hiru gazte israeldarren hiletaren ostean etorri dira tira-birak, eta nazionalista judutarren aldetik eraso uholdea sortu da.
"Israel zuzenbide estatua da, eta guztiek legearen arabera jokatu behar dute", azpimarratu du Netanyahuk, eta kasua ahalik eta azkarren argitzeko eskatu du, "hilketa deitoragarri horren atzean nor dagoen eta zergatik" jakiteko.
Hildako hiru gazteetako baten gurasoek "odol baten eta bestearen artean ez desberdintzeko" eskatu dute. "Hilketa bat hilketa bat da, berdin da biktima nor den edo nork hil duen".
"Hilketa bat ezin da justifikatu, ezta barkatu ere", onartu du Naftali Frenkelen familiak.
Hilketa kondenatzeko eskatu dio Abasek Netanyahuri
Mahmud Abas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak Jerusalemgo gazte palestinarraren erailketa kondenatzeko eskatu dio Netanyahuri, hark hiru ikasle judutarren bahiketa kondenatu zuen moduan.
"Netanyahuri bahiketa eta hilketa kondenatzeko eskatzen diot, guk hiru israeldarrei jazotakoa kondenatu genuen bezala", azaldu du lider palestinarrak adierazpen batean.
"Kolonoen erasoak eta horiek sortzen duten anabasa gelditzeko neurriak" hartzeko ere eskatu dio Abasek Israeli.