Itxi

Israelen erasoaldia

Israelek erasoaldia indartu eta 89 hildako eragin ditu Gazan

Erredakzioa

Gazako Zerrendan egoera "jasanezina" dela adierazi du Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak Segurtasun Kontseiluan. Su-eten bat lortzeko bitartekotza eskaini dio Obamak Netanyahuri.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Dagoeneko 89 dira israeldarren azken erasoaldia hasi zenetik Gazako Zerrendan hildako herritarrak, horien artean 14 adingabe. Zaurituak, berriz, 600dik gora omen dira Palestinan, osasun zerbitzuetako iturriek jakinarazi dutenez.

Bestalde, Israelgo Gobernuaren esanetan, 360 bat kohete jaurti dituzte Palestinatik, eta horietako 255ek eztanda egin dute.

Gazako Zerrendatik Israelen aurka jaurtitako dozenaka koheteek pertsona bat larri zauritu dute, Magen David Adomen (Israelgo Gurutze Gorria) arabera. Beste 21 pertsona arin zauritu dituzte. Bestalde, 101 lagun shock egoeran artatu behar izan dituzte.

NBE eta AEB

Gazako Zerrendan egoera "jasanezina" dela adierazi du gaur Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak.

"Tentsioak gora egin dezake; izan ere, lurreko erasoa egiteko aukera oraindik nabaria da", esan du Banek. Idazkari nagusiak txostena aurkeztu du NBEko Segurtasun Kontseiluan.

"Eskualdeak ezin du beste gerra bat jasan (...) akordiorako bideak aurkitzea sekula baino premiazkoagoa da lasaitasunera itzultzeko eta adostasun bat lortzea su-etena ezartzeko", adierazi du NBEko idazkari nagusiak.

Israelen eta Hamasen arteko su-etena lortzeko bitartekotza eskaini dio Barack Obama AEBetako presidenteak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari. "Lasaitasuna berrezartzeko" eskatu die Obamak bi aldeei.

Elkarrizketa telefoniko batean, AEBak "erasoak etetea lortzeko lana errazteko prest daude", ziurtatu dio Obamak Netanyahuri. "2012ko azaroan lortutako su-eten akordiora itzultzea posible da", esan dio AEBetako presidenteak. Akordio hura lortzeko Hillary Clinton orduko Estatu idazkariak bitartekotza egin zuen.

Hamasekin su-etena, “Israelen agendatik kanpo”

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Hamasen mugimendu islamiarrarekin su-etena izateko aukera baztertu du ostegun honetan, kabineteak ofentsiba gogortzeko egin dizkion deien artean, besteak beste, elektrizitatearen eta uraren hornikuntzaren mozketari dagokionez.

“Oraintxe bertan ez naiz inorekin su-etenaz hitz egiten ari. Agendan ere ez dago”, adierazi du Netanyahuk, Israelgo Defentsa eta Kanpo Arazoetako Batzordearen bileran.

Lurreko inbasioa

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak erasoaldia indartzeko eskatu dio Armadari, eta lurreko inbasio baten aukeraz ohartarazita, prest egoteko eskatu die soldaduei.

Palestinarren kontrako "genozidioa"

Mahmud Abas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak "genozidioa" leporatu dio Israeli, Gazaren kontra egiten ari den erasoa dela eta.

"Ez da Hamasen edo beste talderen baten kontrako gerra, baizik eta herri palestinarraren kontrakoa. Gertatzen ari dena eta datozen egunetan gerta litekeena salatu beharra daukagu", azpimarratu du.

Human Rights Watchek bi aldeak kritikatu ditu

Human Rights Watch (Giza Eskubideen Begiraleak) erakundeak salatu du Israelen erasoa "zigor kolektiboa" dela, eta milizia palestinarren kohete jaurtiketa gerra krimena izan litekeela.

"Borrokaldia nork hasi zuen ez du axola, zibilen kontrako erasoek oinarrizko giza araudi guztiak urratzen dituzte. Zibilei zuzendutako eraso guztiak debekatuta daude, baita gerran ere", adierazi du Joe Stork Human Rights Watchen Ekialde Hurbilerako eta Afrika iparralderako zuzendariordeak.

Albisteak (3)

Bideoak (6)