'Ertz Babeslea' operazioa
Israelek lurrez eraso egin du Gazan, operazioaren seigarren egunean
Erredakzioa
Israeleko Armadak ultimatuma eman die herritarrei, 165 palestinar hil eta 1.000 inguru zauritu eta gero.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Seigarren eguna hasi du gaur, igandea, Israelek Gazan abiarazitako 'Ertz Babeslea' operazio militarrak. Sei egun horietan, juduek 165 palestinar hil eta 1.000 bat inguru zauritu dituzte, eta azken 24 orduotan, aireko erasoak areagotu dira, lurrez eraso egin dute eta su-etena adosteko saiakerak ere izan dira.
Israelgo soldaduek ordu erdi inguru egon dira Gazan, helikoptero armadun eta gerra-ontzien babespean, eta palestinarrek misilak jaurtitzeko ustez erabiltzen dituzten gailuak suntsitu dituzte juduek.
Eraso hori, Israelek onartzen duen lurrez egindako lehenengo erasoaldia da.
Judutarren azken bonbardaketa sortak 18 palestinar hil ditu Tuffah auzoan, Gaza hiriburuan, hegazkin batek meskita bat eta horren ondoan zegoen etxebizitza baten kontra eginda, Ashraf al Qedra Zerrendako larrialdi zerbitzuetako bozeramaleak esan duenez.
Beste hiru palestinar hil dira Gaza hegoaldean, islamiarren aurka egindako zenbait erasotan, Rafahn, eta bonbardaketak 35 zauritu inguru eragin ditu, zaurituen artean, Taysir al Batsh Zerrendako polizia-burua da, Maan bertoko albiste agentziaren arabera.
Azken biktimok zenbatuta, 165 dira guztira hildakoak eta 1.000 zaurituan, gehientsuenak zibilak.
Israeleko Armadaren ultimatuma
Israeleko Armadak ultimatuma eman dio Gazako bizilagunei, euren etxebizitzatik alde egin dezaten, 12:00ak baino lehen (hemengo 11:00ak), bonbardaketa egingo baitute.
Airetik botatako oharrean, eta bide elektronikoak ere erabilita, Armada juduak "abisua" jaso dutela eta gune horretan ez egoteko "kontuz" ibili behar direla esan die hiritarrei.
Oharren arabera (arabieraz idatzia), "Armadak Al Atara ekialdeko, As-Sultan kaleko eta Yabalia inguruetako azpiegitura terroristen kontra erasoa egiteko asmoa du".