'Ertz Babeslea' operazioa
Lurreko erasoaldia atzeratu du Netanyahuren Gobernuak
Erredakzioa
182 palestinar hil dituzte juduek dagoeneko eta 1.260 inguru zauritu. Israelek "palestinarren aurka egindako krimenak garesti" ordainduko dituela errepikatu du Hamasek.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Lurreko erasoaldia atzeratzea erabaki du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren segurtasun kabineteak. Datozen egunetan gertatzen denaren arabera erabakiak hartuko ditu Exekutiboak.
Israelgo Exekutiboaren ministro nagusiek bilera berri bat egin dute erabakia hartzeko, Yediot Aharonot egunkariak jakitera eman duenez.
Hala ere, Israelek Gazako Zerrendaren inguruan dituen baliabideak areagotzea erabaki du Gobernuak. 40.000 erreserbistek izena eman dute azken egunetan.
Bestalde, Israelek "palestinarren aurka egindako krimenak garesti" ordainduko dituela errepikatu du Hamasek. Zibilei nahita eraso egitea leporatu dio Hamasek Tel Avivi.
Infanteriako lau brigada eta ehunka tanke eta blindatu ditu Israelek Zerrendaren mugan, baina momentuz hegazkinekin bonbardatzen jarraitzea erabaki du.
Sarraskia
Azken 24 orduetan, bonbardaketak areagotu ditu Israelek. Dagoeneko 182 palestinar hil eta beste 1.260 inguru zauritu dituzte bonbardaketek.
Milaka palestinarrek euren etxeak utzi behar izan dituzte Israelgo Armadak ultimatuma eman eta gero.