Itxi

Gatazka

Israelek 1.500 helburu bonbardatu ditu eta lurreko erasoa prest du

Erredakzioa

Arabiar Ligak palestinarrak babesteko eskaera egin dio nazioarteari. Europar Batasunak, aldiz, su-etena ezartzeko deia egin die israeldarrei eta palestinarrei.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Israeleko Armadak 1.500 helburu bonbardatu ditu dagoeneko Gazako Zerrendan, duela astebete 'Babeserako oinarria' operazioa hasi zuenetik. Israel lurreko erasoa egiteko prest da, Gobernuak hala aginduz gero.

Roni Kaplan Armadako bozeramaileak eman du bonbardatutako helburuen korpuruaren berri, palestinarrek 1.000 kohete jaurti dituztela azalduta eta 200 inguru misilen kontrako sistemaren bidez geldiarazi dituztela iragarrita.

Bozeramaileak argi utzi nahi izan du lurreko operazioa ez dela Israelen "lehentasuna", helburua "Hamasen erasoekin amaitzea eta Gazako Zerrendan dituzten egitura terroristei min handia egitea" dela gaineratuta.  Horren harian, Israelek "Nazioarteko Legean agertzen diren helburuei bakarrik" erasotzen diela.

Arabiar Ligak palestinarrak babestea eskatu du

Gazako zerrendako erasoarekin amaitzeko azkar aritzeko eta palestinarrak babesteko eskatu dio Arabiar Ligak nazioarteari.

Txosten baten bidez, bonbardaketekin amaitzeko beharrezko neurriak hartzeko eta 2012. urteko akordioetan sinatutakoa betetzeko eskatu dute. Akordio haien bidez, palestinarrek eta israeldarrek su-etena adostu zuten.

Europar Batasunak su-etena eskatu du

Europar Batsunak su-eten bat "berehala" adosteko eskatu die israeldarrei eta palestinarrei, Gazako Zerrendako erasoa hasi zenetik aste bat bete denean.

"Gazako Zerrendako taldeek Israelen kontra jaurtitako koheteak gaitzesten ditugu, baina Gazan Israeletik egindako tiroek eragiten ari diren heriotza kopurua ere", esan du Maja Kocijancic Kanpo Arazoetako arduradunak, prentsaurreko batean.

Albisteak (4)

Bideoak (1)