Itxi

Israelek Gazari eraso

Israelek onartu du su-eten proposamena, baina Hamasek ez du ezer jaso

Erredakzioa

Mikel Ayestaran EiTBren berrienaile bereziak jakinarazi duenez, azken orduotan Israelek ez du erasorik egin Gazaren kontra. Palestinatik, berriz, koheteak jaurtitzen jarraitu dute.

Israel Gaza

Israelgo Gobernuak onartu egin du Egiptok proposatutako su-etena, eta, horrenbestez, eten egin du Gazaren aurkako erasoaldia, Exekutiboak jakinarazi duenez. 09:00etan (08:00ak, Euskadin) sartu da indarrean Tel Aviven tregoa. Mikel Ayestaran EiTBk Ekialde Hurbilean duen berriemaile bereziaren esanetan, dagoeneko ez da eztandarik entzuten Gazan.

Alabaina, Hamasek esan du ez diotela su-etenik proposatu ez Israelek ez nazioarteko beste erakunde batek, eta, hori dela eta, "herria defendatzeko behar den guztia egiten jarraituko" duela gaineratu du. Hala, palestinarrek koheteak jaurtitzen jarraitzen dute Israelen kontra.

Sami Abu Suhri Hamaseko bozeramaileak Egiptok proposatutako su-etenaren inguruan Gazan adierazi duenez, "guk ez dugu ezer jaso, eta ez zaigu inporta Israelek zer erabaki duen".

Ordu batzuk lehenago, Hamas alderdi politikoaren talde armatuak, Izz ad-Din al-Qassam Brigadak, ez du onartu Egiptoren proposamena, onartzeak Israelen "mende" dagoela erakutsiko lukeela argudiatuta.

"Ekimen honen benetako asmoak Israelen aurrean makurtzea eta mendetasuna erakustea da; horregatik, errefusatu egiten dugu. Etsaiaren aurkako borrokak jarraitu egingo du, eta gordindu egingo da. Leialak izango gara gure martiriekin, eta sakrifikatuen odola ez dela alferrikakoa izango promesten diogu gure herriari", ohartarazi du Hamasek.

Hain zuzen ere, 12 orduko su-etena egitea proposatu zien Israeli eta Hamasi, Kairon negoziatzeko.

Israelek 180 palestinar baino gehiago hil ditu erasoaldia hasi zuenetik. Hamasek ez du oraingoz inor hil.

Arabiar Ligak babesa agertu dio su-etenari

Bestalde, Arabiar Ligako Atzerri ministroek babesa agertu diote Egiptoren su-eten proposamenari, "errugabe gehiago hiltzea galarazteko".

Arabiar Ligak premiazko bilera egin du bart, eta plana onartzeko eta betetzeko deia egin die bi aldeei.

Albisteak (4)