Itxi

Gazako inbasioa

Israelen erasoaldia ikertzea erabaki du NBEk

Erredakzioa

NBEko Giza Eskubideen goi ordezkariak salatu duenez, erasoak gerra krimenak izan litezke. Su-eten akordio bat onartzeko blokeoa bertan behera geratzea baldintza bezala jarri du Hamasek.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Israel Gazan egiten ari den erasoaldia gaitzesteko ebazpena onartu du NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak. Era berean, krimenak eta nazioarteko zuzenbidearen urraketak ikertzeko batzorde bat sortzea erabaki du.

AEBek kontrako botoa eman dute, aurkako botoa eman duen herrialde bakarra izan da. Washingtonen ahotan, ebazpenaren edukia "suntsitzailea" da eta indarkeria bukatzeko ez du ekarpenik egiten.

Kontseilua osatzen duten 47 herrialdeetatik 29k babesa eman diote ebazpenari, eta 17 abstenitu dira.

Operazio militarra berehala bertan behera uzteko eskatzen dio agiriak Israeli. Era berean, Gazan ezarrita duen blokeoa bertan behera uzteko eskatzen dio, laguntza humanitarioaren sarrera eta ondasunen merkataritza bermatzeko.

Nazioarteko ikerketa batzordea independentea izango dela azaltzen du ebazpenak. Ikerketa egiteko premiaz Palestinara joan behar dutela erantsi du.

Israelek adierazi duenez, Giza Eskubideen Kontseiluaren erabakia "fartsa" bat da. "Kontseiluaren erabakia trikimailu bat da eta jende zintzoak errefusatu beharko luke", esan du Benjamin Netanyahu lehen ministroaren bulegoak agiri batean.

Su-etena lortzea, lan zaila

Gazako Zerrendaren blokeoa "guztiz" bertan behera geratzea baldintza bezala jarri du Jaled Meshal Hamaseko buruzagi politiko erbesteratuak su-eten akordio bat onartzeko. Meshalek prentsaurrekoa eman du Dohan (Qatar).

Honenbestez, indarkeria bukatzeko baldintza hori jarri du Meshalek. Bestalde, biktimei eta Zerrendatik ihes egin duten errefuxiatuei laguntzeko erakunde humanitarioen ekintza eskatu du.

Gerra krimenak

Navi Pillay Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen goi ordezkariak salatu duenez, Israelgo Armadak Gazan egin dituen erasoak gerra krimenak izan litezke.

Israeldarrek zibil babesgabeen kontra egindako eraso batzuen berri eman ondoren, "aipatu berri ditudan adibideek agerian uzten dute nazioarteko giza legedia urratu dutela eta gerra krimenaren mailara irits daitezkeela", adierazi du Pillayk NBEren Giza Eskubideen Kontseiluan, Israelen erasoaldia aztertzeko gaur egiten ari diren saio berezian.

Pillayk azpimarratu du zibilak eta horien etxebizitzak ez direla helburu militar izan behar: "Zibilen etxebizitzak ez dira jomuga zilegi, ez badituzte helburu militarrekin erabiltzen. Zalantza izanez gero, zibilen etxebizitzak ez dira jomuga zilegi".

Palestinako gazte bat Gazan. Argazkia: EFE

NBEren ordezkariaren ustez, "onartezina" da jende asko bizi den lekuetatik koheteak jaurtitzea, Hamasek egiten omen duen moduan, "baina nazioarteko legedia argia da: alde baten ekintzek ez dute besteak nazioarteko legedia ez errespetatzea eragin behar".

Bestalde, Israelek erasoa egin aurretik noren kontra joko duen ohartarazten duela eta, Pillayk gogorarazi du abisuek argiagoak eta sinesgarriagoak beharko luketela izan, eta denbora gehiago eman behar dutela herritarrak babes daitezen.

Pillayren esanetan, "abisatzeko jaurtitako koheteetako batek hiru haur hil zituen". "Nazioarteko giza legediarekiko errespetu eza agerian geratu zen hondartzan jolasean ari ziren zazpi haur bonbardatu ostean", gaineratu du.

701 palestinar hil eta 4.525 zauritu dituzte

Israelek dagoeneko 701 palestinar hil eta 4.525 zauritu ditu Gazan erasoaldia hasi zuenetik, Ashraf al Qedra Gazako eremuko larrialdi zerbitzuen bozeramaileak jakitera eman duenez. Gainera, beste 35 israeldar hil dira.

Orduko, ume baten heriotza

Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak ohartarazi duenez, azken bi egunetan orduko ume bat hil dute Gazan. Horregatik, "sarraski odoltsua gelditzeko zalantzarik gabeko erantzun" bat emateko eskatu dio erakundeak nazioarteari agiri batean.

Gazako 70.000 umek euren etxeak utzi behar izan dituzte duela bi aste Israelek abiarazitako erasoaldiaren ondorioz, erakundeak ziurtatu duenez.

Albisteak (3)

Bideoak (1)