Itxi

Gatazka

Dagoeneko 1.000 palestinar baino gehiago hil dira Gazan, erasoaldietan

Erredakzioa

Su-etena igande gauerdira arte luzatzea onartu du Israelgo Armadak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gutxienez 130 gorpu aurkitu dituzte Gazan, larunbat honetan, Hamasen eta Israelen arteko su-etenaren lehenengo bederatzi orduetan egindako bilaketa-lanetan.

Kokalekuko Osasun Ministerioaren arabera, hilaren 8an hasi ziren Israelen erasoaldietan dagoeneko mila pertsona baino gehiago hil dira, eta, kopuru horrek gora egin lezake, bilaketak aurrera jarraitzen duelako suntsitutako ehunka eraikinen artean.

“Bonbardaketek eta erasoek iraun duten 19 egunetan gutxienez 1.030 pertsona hil dira, eta 6.000 zauritu” orain arte, iturriek ohar batean azaldu dutenez.

Israelek su-etena igande gauerdira arte luzatu du

Israelgo agintariek su-etena luzatzea onartu dute eta indarrean izango da igande gauerdira arte, Haaretz Israelgo egunkariak iturri ofizialak aipatuz iragarri duenez.

12 orduko su-etena

John Kerry AEBko estatu idazkariak larunbat honetan jakinarazi duenez, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Gazan 12 orduko su-etena errespetatzeko konpromisoa hartu du, 08:00etatik aurrera.

Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiarekin Kairon eman duen prentsaurrekoan, biek zazpi eguneko su-eten humanitarioa izateko deia egin du, Ramadanari amaiera jartzen dion "Eid al Fitr" jaialdiarekin bat etorrita.

Oraindik negoziazio batzuk zintzilik daude zazpi eguneko su-eten horretarako akordiora iristeko, baina, Kerryren arabera, Israelek onartu egin du hamabi orduz borroka gelditzea. Ordu horiek luzatu daitezke.

Bestalde, Hamas alderdi-miliziak Gazako Zerrendan erasoak gelditzea adostu du, larunbat goizetik aurrera, taldeko bozeramaile batek azaldu duenez.

Gutxienez, 20 palestinar hil dira larunbat honetan, Jan Yuni Gazako herrian eraikin bat bonbardatu ostean, su-etena hasi baino ordu batzuk lehenago.

Nazioarteko erkidegoak su-etena luzatzea eskatu du

Laurent Fabius Kanpo Arazoetako Frantziako ministroak esan duenez, larunbat honetan Parisen AEBetako, Alemaniako, Italiako, Catarreko, Erresuma Batuko eta EBko kideekin izan duen bileran Gazako Zerrendako su-etena luzatzea eskatu dute. 24 orduko luzapena izango litzateke, berriztatzeko moduan, “zati bakoitzari autodiziplina antzeko bat ezarriz”.

Bileraren amaieran prentsari egindako adierazpenen arabera, alde guztiek “lehenbailehen su-eten iraunkorra eta negoziatua lortzeko” nahia adierazi dute, “Israelen segurtasun terminoei erantzuten diena, eta palestinarren beharrei Gazako sarbidera eta garapen sozioekonomikora”.

 

Albisteak (4)

Bideoak (2)