Israelen erasoaldia
100 hildakotik gora Gazan, erasoaldia hasi zenetik egunik odoltsuenean
Erredakzioa
Gazako zentral elektriko bakarra itzali behar izan dute, bonbardaketen ondorioz sutea piztu baita. Israelek operazioa abiatu zuenetik gutxienez 1.230 palestinar hil dira eta 6.700 zauritu dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gutxienez 120 palestinar hil dira iragan gauerditik, erasoaldiaren egunik odoltsuenean. Israelek erasoak areagotu ditu Gazako Zerrendan.
Ashraf Al Qedra Osasun Ministerioko bozeramaileak agiri batean azaldu duenez, azken orduetako erasoek 120 pertsona hil eta gutxienez beste 500 zauritu dituzte.
"Israelen operazioa hasi zenetik, gutxienez 1.230 palestinar hil dira eta 6.700 zauritu dituzte, horietatik bi heren zibilak dira, emakumeak eta umeak tartean", adierazi du Palestinako bozeramaileak.
Israelgo Armadak "etxebizitza, eraikuntza, komunikabide, meskita eta abeletxei" eraso egin die, iturriaren arabera.
Hamasekin lotura duten komunikabideetako egoitzak eraitsi dituzte erasoek, besteak beste, Al Aqsa telebistaren egoitza eta albiste-agentzien bulegoak.
Israelgo Armadak Ismail Haniyeh Gazako lehen ministroaren etxebizitza bonbardatu du.
Leherketa Tuffah auzoan. Argazkia: EFE
Gainera, Gazako zentral elektriko bakarra itzali behar izan dute, bonbardaketen ondorioz sutea piztu baita.
Bestalde, Israelen aldetik 53 soldadu eta bi zibil hil dira. Militar guztiak hilaren 17an lurreko inbasioa hasi zutenetik hil dituzte.
24 orduko su-etena aldarrikatzeko akordioa lortu dutenik ukatu du Hamasek, nahiz eta gutxi lehenago Yaser Abed Rabo Palestina Askatzeko Erakundearen idazkari nagusiak su-etena 72 ordura luzatzea posible zela iragarri, Ramalan.
Israelek, nazioarteari entzungor
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren esanetan, Gazaren aurkako mendeku operazio militarra ez da bukatuko talde armatu palestinarrek egindako tunel guztiak suntsitu arte.
Defentsa Ministerioan egindako agerraldi batean, erasoaldiaren helburu nagusietako bat "tunel terroristak desegitea" dela ohartarazi du agintariak, tunelok "terrorismoa" ahalbidetzen dutela argudiatuta. 22. eguna du gaur erasoaldiak.
Haaretz egunkari israeldarraren arabera, Armada operazio militarra "zabaltzeko" prestaketetan ari da.
Horren ildotik, Netanyahuk berak aitortu du operazioa luzatu egingo dutela, "gure herritarrak, soldaduak eta lurraldea babesteko".
NBEk, AEBk eta nazioarteak oro har su-etena eskatu badute ere, Israelgo Gobernuak entzungor egin, eta Gaza desarmatu beharra dagoela erantzun du.