Itxi

Sarraskia Gazan

Israelek eskola bat bonbardatu du berriz, eta 20 pertsona hil ditu

Erredakzioa

Biktima gehienak umeak eta emakumeak dira. Eskola NBErena da, eta Jabaliyako errefuxiatu-eremuan dago.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Israelgo Armadak Ekialde Hurbileko Palestinar Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Erakundeko Agentziaren (UNRWA) eskola bat bonbardatu du berriz Gazan, Jabaliyako errefuxiatu eremuan, eta bertan errefuxiatuta zeuden 20 pertsona hil ditu, gehienak umeak eta emakumeak. Zauritutakoak 90 dira.

Gaur goizaldean bonbardaketa gordin gehiago egin ditu Israelek Gazan, eta horietan beste 34 pertsona hil ditu, Ashraf al Qidra Hamasen Gobernuko Osasun ministroak zehaztu duenez. Hildakoen arteko familia bereko 9 pertsona daude.

Guztira, Israelek 1.200 palestinar baino gehiago hil ditu eta 7.000 zauritu uztailaren 8an Gazaren aurkako mendeku operazio militarra abiatu zuenetik.

Biktimen % 80 zibilak dira, NBEren arabera. Izan ere, Armada milizianoak eta zibilak bereizi gabe ari da bonbardatzen: ospitaleak, eskolak, hedabideen egoitzak, hondartzak, parkeak... denak izan dira bonben helburu azken asteetan.

Israelen aldetik, 53 soldadu eta bi zibil hil dira.

Joan den astean, Armada israeldarrak UNRWAren beste eskola bati eraso zion, Beit Hanun  herrian, eta 16 pertsona hil zituen. Orduan, gertatutakoa sakon ikertzea eskatu zuen NBEren agentziak.

Azken bi asteetan, 182.000 pertsonak etxetik ihes egin behar izan dute Gazan, eta UNRWAren instalazioetan bilatu dute babesa. Dena dela, zentro horiek ez direla seguruak ohartarazi du agentziak, Israelek hainbatetan eraso baitie.

 

 

Bideoak (4)

Informazio gehiago (1)