Itxi

Adierazpena

Hasi da Irakeko iparraldean AEBren erasoa

Erredakzioa

Barack Obama presidenteak iragarri duenez, Estatu Islamiarraren eretzeen aurkako eraso "selektiboak" egitea baimendu du. Erresuma Batuak ez du esku-hartzean parte hartuko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Estatu Batuetako gudu hegazkinak Estatu Islamiarrak Erbil hirian (Irakeko iparraldean) dituen eretzeak bonbardatzen hasi dira, Barack Obama AEBko presidenteak atzo emandako aginduari jarraituz.

Esku-hartzea 12:45ean hasi da –Euskal Herriko ordua-, F/A-18 hegazkin batzuek laserren bidez gidatutako 220 kiloko bonbak bota dituztenean. Estatu Islamiarrak hiria defendatzen zuen indar kurduen aurka borrokatzeko erabiltzen zuen artilleriako eretze baten kontra bota dituzte bonbak. Horrela jakinarazi du John Kirby almiranteak, Pentagonoaren bozeramaileak.

"Eraso egiteko erabakia Armadaren aginte nagusiak hartu zuen, Barack Obama presidenteak emandako baimena kontuan hartuta", adierazi du Kirbyk.

Eraso "selektiboak"

Barack Obama AEBko presidenteak aurrerapauso bat eman du ostiral honetan eta iragarri du Estatu Islamiarraren eretzeen aurkako eraso "selektiboak" egitea baimendu dituela. Halaber, eta sarraskia saihesteko asmoarekin, Irakeko iparraldean baztertuta dauden pertsonei zuzendutako eragiketa gizatiarra ere abiatuko duela jakinarazi du. Erresuma Batuak, Obamaren agerraldia amaituta, aurreratu du ez duela esku-hartzean parte hartuko.

"Milaka zibil errugabe sarraskia pairatzeko arriskuan badaude, eta horiei laguntza emateko gaitasuna badugu, egiten dugu", azaldu zuen presidenteak. Laguntza Irakeko Gobernuak berak eskatuta zela esan zuen Obamak.

Zehaztu duenez, jihadisten aurkako aire-eraso selektiboak baimendu ditu estremista suniak Erbil hirirantz joatekotan, "Estatu Batuen interesak babesteko"; izan ere, hiri horretan AEBko aholkulariak eta diplomatikoak daude.

"Ezin dugu beste aldera begiratu", genozidio bat sortzen ari denean, “eta hori saihesteko baliabide militarrak ditugunean”. Iraken esku-hartzeko AEBren asmoa, bere esanetan, "Estatu Batuen lidergoaren zigilu bereizgarria da".

Obamaren erabakiak aldaketa garrantzitsua suposatzen du AEBtako nazioarteko politikan, eskuhartze militar gehiagorik ez egitea defendatu baitzuen 2011. urtearen bukaeran tropa estatubatuarrak herrialdetik joan zirenetik.

Horrez gain, presidente estatubatuarrak argitu zuen baietza eman diola Irakeko iparraldean laguntza humanitarioa banatuko duen aire operazio bati –ura eta elikagaiak banatzeko, nagusiki.

Erresuma Batuak ez du parte hartuko

Bitartean, britainiar gobernuak uko egin dio Iraken esku hartze militar berri bati ekiteari. "Ez dugu horrelakorik planteatzen", esan du 2003an Irakeko inbasioa babestu zuen gobernuko ordezkari batek.

Aipatutako 'Downing Street'eko ordezkariak babestu egin du Barack Obama presidente estatubatuarrak hartutako erabakia: "Babestu egiten dugu AEBk atzo gabez hartutako erabakia, modu horretan ezinbesteko horniketa eramango baitzaie benetako premia duten irakiarrei eta terroristengatik ihes egin dutenei", esan du lurralde horretan yazidien eta kristauen aurka egiten ari diren ofentsiba aipatuz.

Ordezkari britainarrarentzako, "oinarrizkoa da harrapatutako pertsona horiek leku seguru batera eraman ahal izatea, bertan elikagaiak, ura eta larrialdiko laguntza jaso ahal izan dezaten".

Albisteak (2)

Bideoak (1)