Inportazioak
Errusiaren betoa aztertu eta lehen neurriak proposatu ditu EBk
Erredakzioa
Mertxika eta nektarinen ekoizleak laguntzeko aurreneko neurriak proposatu ditu Europar Batasunak. Betoak eragiten dieten produkzioak baztertzeko eskatuko dio ostegunean Espainiak Europako Batzordeari.
Elikagaiak inportatzeko debekuak sektorean izango duen eragina formalki aztertzen hasi da gaur Europar Batasuna (EB). Horrela, mertxiken eta nektarinen ekoizleak laguntzeko aurreneko neurriak proposatu ditu Bruselak.
Europako Batzordearen adituen lantaldea gaur bildu da lehen aldiz Errusiaren betoa eta nekazariak laguntzeko neurriak aztertzeko. Jerzy Bogdan Plewa EBko Nekazaritza zuzendari nagusiak lantaldea zuzentzen du.
AEB, Australia, EB, Kanada eta Norvegiako txahalkia, txerrikia, barazkiak eta ortuariak, frutak, arraina, gaztak, esnea eta esnekiak urtebetez inportatzeko debekua adostu zuen Moskuk abuztuaren 7an.
Produkzio batzuk, bertan behera
Bestalde, Isabel Garcia Tejerina Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen ministroak Espainiako sektorearekin (EBko seigarrena da ekoizpenean, 338 milioi euroko kaltearekin) bildu eta gero ziurtatu duenez, "produkzioak berehala bertan behera uzteko" eskatuko dute osteguneko bileran, fruta eta galkorren kasuan batez ere, kaltetuenak baitira.
Mertxiken eta nektarinen (Espainia EBko ekoizle nagusietako bat da) eskaria areagotzeko eta horniketa murrizteko atzera-eraginezko neurriak proposatu ditu Europako Batzordeak. Aurten eguraldiak ez du batere lagundu eta egoerak okerrera egin baino lehen betoari aurre egiteko ekin beharra dagoela uste du EBk.