Aste honetan
OMSk ebolaren aurkako sendagai esperimentalen erabilera onartu du
Erredakzioa
"Agerraldi honen berezitasunak aintzat hartuta, eta zenbait baldintza betez gero, Batzordeak adostu du etikoa dela eraginkortasuna baieztatuta ez duten" sendagaiak erabiltzea.
Osasun Munduko Erakundeko (OMS) Etika Batzordeak onartu du ebolak kutsatuta dauden Afrikako biktimek sendagai esperimentalak hartzea, horren eraginkortasuna baieztatuta ez dagoen arren.
"Agerraldi honen berezitasunak aintzat hartuta, eta zenbait baldintza betez gero, Batzordeak adostu du sendagaiak erabiltzea etikoa dela", tratamendu edo prebentzio mailan, nahiz eta "eraginkortasuna baieztatuta ez duten eta ondorioak zeintzuk diren ezagutzen ez diren",OMSren oharrak dioenez.
Alabaina, OMSek ukatu egin du Liberiara ebolaren kontrako sendagai esperimentalak bidali izana.
"OMSk ez du inolako erantzukizunik sendagaiaren bidalketarekin, ez dugulako inolako sendagairik erreserban", argitu du Fadela Chaib OMSren bozeramaleak.
Gainera, zehaztu du sendagai berri bat erabiltzea herrialde bakoitzeko osasun agintariek erabaki behar dutela, eta ekoizten duten laborategiekin adostu, eta baieztatu du ez dela beharrezkoa OMSk erabilera onartzea.
Liberiak sendagaia jasoko du
Etxe Zuriak ebolaren aurkako botika esperimentalaren lagin batzuk bidaliko dizkio Liberiako Gobernuari, herrialde horretan kutsatutako medikuei emateko asmoz.
“Estatu Batuetako Gobernuko ordezkari batek ekarriko ditu, astearen amaieran”, adierazi du Liberiako Gobernuak ohar batean.
Atzo bertan, Ellen Johnson-Sirleaf Liberiako presidenteak botika esperimental horren laginak bidaltzeko eskatu zion Obamaren Gobernuari.
Botika horrek ebolaren aurkako borroka bultzatuko lukeela eta herritarrei itxaropena igorriko liekeela adierazi zuen Johson-Sirleafek.
“Hemen kutsatu diren estatubatuarrei botika eman dietela jakin dugu eta, hortaz, botika ongietorria izango da Liberian”, esan du.
Bestalde, ebolak jota hil direnen gorpuak erraustea defendatu du Liberiako presidenteak, kutsadura berriak saihesteko helburuarekin.
Milatik gora hildako
Bestalde, Osasun Munduko Erakundeak 1.013era igo du Afrikan ebolagatik hildako pertsonen kopurua.
Abuztuaren 9ra arte, Liberian 29 lagun hil dira, Sierra Leonan 17 eta Guinean, berriz, sei.