Itxi

Esportazioak

EBk bilera egingo du gaur Errusiaren betoari irtenbidea bilatzeko

Erredakzioa

Europar Batasuneko Nekazaritza Ministerioetako ordezkariek bilera egingo dute Errusiak EBko nekazaritza-produktuei jarritako betoari eman beharreko erantzuna aztertzeko.

Errusiaren betoari irtenbidea aurkitzen ahaleginduko da gaur EB. Argazkia: EFE

25ek bilera egingo dute gaur, osteguna, Bruselan, EBko nekazaritza-produktuentzat (fruta eta barazkiak, haragia, arraina eta esnekiak) Errusiako merkatua ixteak izango duen eragina aztertzeko. Hala, arazo gehien pairatzen ari diren sektoreak identifikatu eta datorren astean onartuko dituzten laguntza ekonomikoak zehazten ahaleginduko dira.

Roger Waite Europako Batzordeko Nekazaritza eta Landa Garapenerako gaietarako bozeramaileak esan du 25 estatuetako Nekazaritza Ministerioetako ordezkariek bilera egingo dutela Errusiak EBko nekazaritza-produktuei jarritako betoari Europak eman beharreko erantzuna aztertu eta lehentasunak zehazteko.

"Merkatuaren egoeraren inguruko datu zehatzak behar ditugu", adierazi du, eta beharrezko informazio guztia datorren egunetan jasoko dutela iragarri du. Europar Batasuneko kide diren estatu guztien datuak esku artean izatea beharrezkotzat jo du Europako Batzordeko Nekazaritza gaietarako bozeramaileak.

Dacian Ciolos Nekazaritza komisarioak, prezioen beherakadari aurre egiteko, melokotoi eta nektarinen sektoreari laguntzak emango dizkietela iragarri zuen astelehenean, eta, beharrezkoa izatera, gainerako sektoreetan ere horrelako laguntzak emateko prest daudela aurreratu zuen.

Errusiako merkatua itxi izanak eragindako galeren aurrean ordainen bat izatea espero dute EBko estatu kide gehienek, baina EBk uste du Europako elikagaientzako merkatu alternatiboak bilatzeak duela lehentasuna.

Espainiak laguntzak eskatuko ditu

Espainiako merkatutik produktuak kendu direla eta, gaur Bruselan egingo den bileran horren ordaina eskatuko zuela iragarri zuen joan den astelehenean Isabel Garcia Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen ministroak.

Espainiak guztira 338 milioi euro galduko ditu Errusiako Gobernuak indarrean jarritako betoaren ondorioz; Lituaniak, Poloniak, Alemaniak, Herbehereek eta Danimarkak bakarrik jasango dituzte Espainiak baino kalte handiagoak. Beraz, beto horrek eragin handia izango du Espainian.

Albisteak (1)