Itxi

Gatazka

EB, Gazarako sarbideak berrirekitzeko ahaleginak babesteko prest

Erredakzioa

Catherine Ashton diplomazia europarraren buruak adierazi duenez, Europar Batasuna Egiptok gatazkan bitartekotza egitearen aldekoa da.

Gaza neska etxea bonbardatuta. Argazkia: EFE.

Catherine Ashton diplomazia europarraren buruak ostiral honetan adierazi duenez, Europar Batasunak Egiptok Gazako gatazkan bitartekotza egitea babesten du. EB, bere esanetan, lurralde palestinar horretarako sarbideak berrirekitzeko ahaleginak babestuko ditu, israeldarren segurtasuna bermatuta dagoen bitartean.

"Egiptoko Gobernua egiten saiatzen ari dena babesten dugu; su etena epe laburrean ez ezik, epe luzean ere lortzeko asmoarekin ari da lanean", azpimarratu du goi ordezkariak ostiralean, Bruselan, Atzerriko Arazoetarako ministroen ezohiko Kontseilura heldu denean.

EB, Gazari laguntzeko prest

Ashtonen esanetan, "EB prest dago Gazako jendeari laguntzeko, beti egin duen bezala, mugako sarbideak berrirekitzeko ahaleginak babesteko, israeldarren segurtasuna ere bermatzen".

"Alde guztiekin ari gara lan egiten, baina gure ahalegin handiena orain Egiptoko ekimenekin jazotzen ari dena babestea da", adierazi du.

Carl Bildt Suediako Atzerriko Arazoetarako ministroak esan du Gazarako blokeoarekin amaitzeko "nazioarteko mekanismo bat da beharrezkoa, armak hor sartzen ez direla kontrolatzeko, Israelen aurka erabiltzen ez direla kontrolpean izateko".

Bere ustez, EB prest egon beharko litzateke “Gazan ahal duena egiteko”, su etena iraunkorra dagoenean.

Albisteak (4)