Goi-bilera, Bielorrusian
Putin: 'Ukrainako krisia ez da operazio militarrekin konponduko'
Erredakzioa
Putin eta Poroshenko Minsken bildu dira, Ukrainako krisiaz hitz egiteko. Ukrainako presidentearen esanetan, "Europaren eta munduaren etorkizuna" Minskeko goi-bileran erabakiko dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Vladimir Putin Errusiako presidentearen ustez, Ukrainako krisia ez da konponduko operazio militarrak areagotuz bakarrik, edo errusieraz hitz egiten duten herrialdeko ekialdeko eskualdeetako ordezkariekin hitz egin gabe. Minsken (Bielorrusia) egin ditu adierazpen horiek, Petro Poroshenko Ukrainako presidentearekin bildu baino lehen.
Halaber, Putinek esan du ekonomia errusiarrak 10.000 milioi errubloko galera izan lezakeela (2.770 milioi dolarrekoa) produktu europarrak Errusiara Ukrainaren bidez heltzekotan. Kievek merkataritza-akordioa sinatu du Europar Batasunarekin, hori islatzeko.
Ildo horretan, Putinek ohartarazi du Moskuk merkatarizako neurriak hartuko lituzkeela, hori gertatuko balitz, eta esan du Bielorrusian eta Kazakhstanen ere eragina izango lukeela (Errusia liderra duen aduana-ituneko bazkideak dira bi herrialde horiek).
Poroshenko: "Europaren eta munduaren etorkizuna Minsken erabakiko da"
Bere aldetik, Petro Poroshenko Ukraino presidenteak ziurtatu du Europaren eta munduaren etorkizuna Minskeko goi-bileran erabakiko dutela. Vladimir Putin eta Europar Batasuneko ordezkariak ere bertan egongo dira.
"Goi-bilera honetan, munduaren eta Europaren etorkizuna dago jokoan. Horrela ikusten dut nik", esan du Poroshenkok, bileraren hasieran, Errusiako agentzien arabera.
Poroshenkok, halaber, Ukrainako ekialderako bere bake plana babesteko eskatu du. Plan horretan, Errusiaren aldeko milizien desarmea eta Ukrainako deszentralizazioa proposatu ditu; hala ere, krisiari amaiera emateko beste bideak ere eztabaidatzeko prest dago.
Putin eta Poroshenko, aurrez aurre
Putin eta Poroshenko Minsken bildu dira gaur, Ukrainako krisiaz hitz egiteko, bi agintarien bozeramaleek jakinarazi dutenez.
"Bi presidenteak bilduta daude orain", esan du Dimitri Peskov Kremlineko bozeramaleak, RT Errusiako hedabidearen arabera.
"Aldebiko bilera hasi berri da Poroshenko presidentea eta Putin presidentearen artean", Ukrainako Gobernuak Twitter sare sozialean duen kontuaren bidez jakinarazi duenez.
Putinen eta Poroshenkoren arteko batzarra ez zegoen aurreikusita. Minsken goi mailako zenbait ordezkari politiko bildu dira gaur Ukrainak eta EBk Eurrusiako aduanen batasunaren inguruan egindako akordioaren ondorioez hitz egiteko.
Ekainaren 6az geroztik bi presidenteek izandako lehenengo bilera izan da gaurkoa. Ekainean, Normandiako lehorreratzearen 70. urteurrena dela eta, bi presidenteek solasaldi labur bat izan zuten.
Tentsioa, Ukrainan atxilotuta dauden soldadu errusiarrengatik
Bi herrialden arteko tentsioek gora egin dute, azken orduetan; izan ere, Ukrainan atxilotuta dauden soldadu errusiar batzuk erakusten dituen bideo bat zabaldu dute azken orduetan.
Ukrainako Gobernuaren arabera, atxilotutako soldadu horiek ez zuten muga "nahi gabe" zeharkatu, Moskuk esaten duenez, baizik eta misio berezi bat egiteko. "Ez zen akats bat izan", esan du Andri Lisenko bozeramaile militar ukrainarrak, telebistaz emandako prentsaurreko batean.
Astelehenean zabaldu zuten Ukrainako segurtasun zerbitzuek bideoa, Kieven aldeko indarrek harrapatutako soldaduena. Muga zeharkatu duten hamar paraxutista izango lirateke, eta infanteriako zenbait ibilgailurekin batera igaro omen dira Ukrainara.