Itxi

Ukraina

Obamak eta Merkelek Errusiari leporatu diote indarkeriaren areagotzea

Erredakzioa

Erasoaren frogatzat Ukrainak salatu dituen soldadu errusiarren mugimenduak aipatu dituzte.

Artxiboko irudia: EiTB

Barack Obama AEBko presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak Errusiari egotzi diote Ukrainan indarkeria areagotzeren erantzukizuna. Kieveko Gobernuak soldadu errusiarrak Ukrainan sartzea salatu izana jarri dute indarkeria oldearen froga gisa.

Obamak eta Merkelek Ukrainako egoeraz hitz egin dute ostegun honetan, eta Obamaren esanetan bi agintariak ados daude: "Errusia da Ukraina ekialdeko indarkeriaren erantzulea".

AEBk eta Europar Batasunean dituen aliatuek Errusiaren kontrako "pauso berriak" emango dituztenaren itxaropena agertu du Obamak. "Ez dugu ikusi Errusia hau bide diplomatikoa erabilita konpontzeko prest dagoenik", azaldu du. Bestalde, orain arte Errusiari ezarritako zigorrak "eraginkorrak" izan direla eta herrialdea "bakartuta" utzi dutela nabarmendu du.

Bestalde, datorren hilabetean Petro Poroxenko Ukrainako presidentea Etxe Zurian hartuko duela iragarri du. Azaldu duenez, aurrez aurreko bilera horretan Ukrainako krisia izango dute hizpide.

 

 

Albisteak (4)

Informazio gehiago (1)