Itxi

Gatazka Iraken

NBEk misio bat bidaliko du, Estatu Islamiarraren krimenak ikertzera

Erredakzioa

Gutxienez 1.420 pertsona hil dira eta 1.370 zauritu abuztuan. NBEk esan du Estatu Islamiarraren ekintzak gizateriaren aurkako krimentzat jo daitezkeela.

Your browser doesn’t support HTML5 video

NBEk premiazko eran Irakera giza eskubideen misio ikertzaile bat bidaltzea onartu du astelehen honetan, Estatu Islamiarrak egindako krimenak aztertzera. Taldeak herrialdearen iparraldeko toki garrantzitsuak kontrolatzen ditu.

Erabakia adostasunez hartutako ebazpenetik dator, Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak egindako premiazko saioaren amaieran.

Ebazpenak “giza eskubideen eta eskubide internazional humanitarioaren urraketa sistematikoak gaitzesten” ditu, “Estatu Islamiarraren eta harekin lotura duten taldeen emaitzen modura”.

Flavia Pansieri Giza Eskubideentzako gehitutako goi komisionatuak saioan esan duenez, talde erradikalaren ekintzak gizateriaren aurkakotzat jo daitezke.

Zibilen guneetan egindako bonbardaketen harira, gerra-krimenak izan daitezkeela ere nabarmendu du.

Alemaniak armak bidaliko ditu

Alemaniako Parlamentuak gehiengoz babestu zuen atzo, Irak Iparraldeko kurduei armamentua bidaltzeko Angela Merkelen Gobernuak hartutako erabakia.

Ezkerra eta Berdeak bakarrik agertu ziren erabaki horren kontra, argudiatuz behin armak bidalita, ez dagoela jakiterik noren eskuetan amaituko duten.

4.000 soldadu armatzeko adina material bidaliko dute Alemaniatik Kurdistanera.

Merkelek azaldu zuenez, 70 milioiko balioa duten armak dira: hasi tankeak suntsitzeko misiletatik eta eskuko granadataraino. Horrez gain, beste 50 milioi onartu dituizte giza-laguntza bidaltzeko.

Merkelen arabera, Estatu Islamiarreko jihadistek indartzen segitzen badute, Irak ondoko Jordania eta Turkiako egonkortasuna hautsi dezakete, eta, azken finean, "Alemania eta Europa osoarentzat arrisku bilakatu".

1.400 pertsona baino gehiago hil dira hilabetean

Gutxienez 1.420 pertsona hil dira eta 1.370 zauritu abuztuan, indarkeria-ekintzetan, Iraken, Nazio Batuek herrialdean duten misioak esan duenez.

Erakundearen hitzetan, biktimen zifra “askoz ere handiagoa” izan daiteke, Estatu Islamiarraren kontrolpean dauden lekuetan datuak berresteko zailtasunak direla eta.

 

Albisteak (5)

Bideoak (1)