Indarkeria nagusi
Estatu Islamikoak Steven Sotloff kazetari estatubatuarra hil du
Erredakzioa
Miliziano sunnita batek Steven Sotloff kazetari estatubatuarrari burua moztu omen dio Internet bidez zabaldutako bideo batean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Estatu Islamikoak bideo bat zabaldu du astearte honetan, miliziano baten hilketa erakusten duten irudiak zabaltzeko. Miliziano sunnita bat Steven Sotloff kazetari estatubatuarrari burua mozten ageri omen da bertan, SITE jihadisten foroak jarraitzen dituen webguneak jakitera eman duenez.
Gainera, milizianoak David Haines britainiar bahitua ere hilko dutela mehatxatu du, eta "AEBekin Estatu Islamikoaren aurka duten aliantza oso txarra" dela esan die estatubatuarren aliatuei, eta horrekin hausteko eskatu die. Hamahiru egun bete dira James Foley kazetariarekin gauza bera egin zutela.
Bideoan, belauniko eta laranjaz jantzita, Sotloffek (duela urtebete bahitu zuten, Sirian) zer dela eta berpiztu duen "Estatu Islamikoaren aurkako gerra" galdetu dio Obamari, eta gogora ekarri dio Iraketik eta Afganistandik irten eta Guantanamo itxiko zuela agindu ondoren irabazi zituela hauteskundeak.
Bideoan ageri den jihadista ustez Foleyri lepoa moztu zion bera da, eta CIA ikertzen ari da ez ote zituzten biak egun berean hil.
Abuztuaren 19an, Estatu Islamikoak bideo bat zabaldu zuen, AEBk Iraken aireko erasoaldia gelditu ezean Sotloffi burua moztuko ziotela mehatxatuz. "AEBko herritar honen bizia zure erabakiaren esku dago, Obama", esan zuen.
Bideo hartan, jihadista batek James Foley kazetari estatubatuarra hil zuen. Hura ere, duela bi urte bahitu zuten, Sirian. Erresuma Batuko Gobernuak orduan zabaldu zuenez, bideoan ikus daitekeen hiltzailea britainiarra zen, inguru hartara bidaiatu ostean erradikalizatu zen herritarra.
Josh Earnest Etxe Zuriko bozeramaileak esan du oraindik ezin dutela baieztatu bideoa egiazkoa den, baina AEBko Gobernua benetakoa den zehazteko lanean ari dela nabarmendu du.
Ameriketako Estatu Batuek beste 350 soldadu bidali dituzte Bagdadera, bertan bizi diren estatubatuarrak babestera.