Steven Sotloff hil dute
Obama: 'AEB ez da Estatu Islamikoaren aurrean kikilduko'
Erredakzioa
AEBko presidenteak Steven Sotloff kazetari estatubatuarraren hilketa "izugarria" gaitzetsi du, eta arduradunak Justiziaren aurrera eramango dituztela adierazi du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ameriketako Estatu Batuak ez da Estatu Islamikoaren mehatxuen aurrean "kikilduko", Barack Obama AEBko presidenteak asteazken honetan ohartarazi duenez. Estatu Islamikoak bideo bat zabaldu du, eta miliziano sunnita batek Steven Sotloff kazetari estatubatuarrari burua nola mozten dion ikus daiteke bertan. Obamak haren hilketa "izugarria" gaitzetsi du.
Barack Obamak prentsaurrekoa eskaini du Toomas Hendrik Estoniako presidentearekin batera bertako hiriburuan. Obamak Sotloff kazetari estatubatuar "ausarta" gogoan izan du eta "indarkeria ekintza anker" baten biktima izan dela adierazi du.
AEBko presidenteak doluminak eman dizkio Sotloffen sendiari, eta herrialde guztia "negar malkotan" dagoela azpimarratu du.
Estatu Islamikoak Steven Sotloff kazetariaren heriotza iragartzeko igorritako bideoan, bahituta duten britainiar bat hiltzeko mehatxua egin dio Estatu Islamikoak AEBri, baldin eta Iraken islamiarren kontrako erasoak gelditzen ez badituzte.
"Ez gaituzte kikilduko", ohartarazi du Obamak. Halaber, "terroristen kontra" borrokan jarraitzeko beharra azpimarratu du. Estatu Islamikoa Irakentzat eta inguru osoarentzat mehatxu dela nabarmendu eta borroka "luzea" izango dela aitortu du.