NATO-ren goi-bilera
Estatu Islamikoa 'gelditzeko beharra' azpimarratu du NATOk
Erredakzioa
Bestalde, David Cameronek iragarri du ez duela baztertzen AEBrekin bat egitea Iraken Estatu Islamikoaren kontrako aire erasoak egiteko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Nazioarteak Estatu Islamikoko jihadistak "geldiarazteko betebeharra dauka", Anders Fogh Rasmussen NATOren idazkari nagusiak ostegun honetan azpimarratu duenez.
"Nazioarteak bere osotasunean Estatu Islamikoa geldiarazteko betebeharra dauka", adierazi du Rasmussenek kazetarien aurrean NATOren bi eguneko goi-bilera hasi baino lehen.
"Irakeko Gobernuak ez du oraingoz laguntzarik eskatu, baina eskaera egingo balu ziur nago NATOren aliatuek eskaera hori seriotasunez aztertuko luketela", gaineratu du.
Cameronek ez du baztertzen Iraken aireko eraso militarra egitea
David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak esan du ez duela baztertzen AEBrekin bat egin eta Iraken Estatu Islamikoaren kontrako aireko erasoak egitea. Hala eta guztiz ere, argi adierazi du ez dela lehentasuna.
NATOren goi-bileraren egoitzan, Newportetik (Gales) gertu, adierazi duenez, bertan borroka egiten ari diren taldeei laguntzea da estrategia, kurduei laguntzea, alegia.
Gainera, Mendebaldeko potentziek Estatu Islamikoari "bertan aurre egiten ari zaizkion taldeei jaramonik egin gabe" jokatzea kritikatu du, "iraganean egindako akatsa" delakoan. "Estatu Islamikoaren kontra bertan borrokatzen ari diren taldeei laguntzea da egin behar dugun lehenengo gauza. Britainia Handiak armak lortzeko bidea ireki die kurduei, eta armak guk geuk ematea pentsatzen ari gara".
Cameronen esanetan, Britainia Handiak "armategian duen guztia erabili beharra dauka" Estatu Islamikoari aurre egiteko, baina ez du Baxar al-Asad Siriako presidentearekin negoziatuko, "arazoaren zati bat" dela iritzita.
Bestalde, lehen ministro britainiarrak argitu du ez dutela erreskaterik ordainduko Estatu Islamikoak bahitu zuen herritar britainiarra askatzeko, baina hura askatzeko "ahal duten guztia" egingo dutela hitzeman du.
Cameronek anfitrioi lanak egingo ditu gaur Galesen hasiko den NATOren goi-bileran. Estatuburu eta gobernuburuek Irakeko eta Ukrainako krisiak izango dituzte hizpide nagusi.