Itxi

Eskoziako erreferenduma

'Betiko argitu behar dugu auzi hau'

I. Herce | EITB.EUS

David Whitton laborista erreferenduma egitearen alde dago, baina ezezkoa aldarrikatzen du. Erresuma Batuan jarraitzeak abantaila gehiago ditu Eskoziarentzat, horren ustez.

David Whitton, Alderdi Laboristako kidea.

Alderdi Laboristako kidea da David Whitton. Eskoziako Parlamentuan legebiltzarkide izan da urte askotan, baita Eskoziako Gobernuan aholkulari ere. Sinetsita dago ezezkoak irabaziko duela irailaren 18an, nahiz eta emaitza oso estua izango den ziur izan. Emakumezkoen erabakia gakoa izan liteke.

"Emakumezkoek dute giltza. Erabakia argi ez dutenen artean emakumezko asko dago. Zergatik? Banatzearen arriskuekin arduratuta daudelako. Aberriaren segurtasun eta egonkortasunarekin kezkatuta daude, baina, batez ere, eurei asko axola zaien kontuekin, osasun sistemaren etorkizunarekin, adibidez", esan du.

Better Together ezezko botoa aldarrikatu duen alderdi unionisten elkartearen lanarekin pozik da Whitton. "Inkesta gehienek irabazle izango garela diote", aurreikusi du, "eta gure arrazoiak ondo azaltzen ari gara. Duda-mudan daudenak gureganatuko ditugu", esan du.

Zergatik jarraitu Erresuma Batuan? Politikari eskoziarrak ez du zalantzarik: "Eskozia, Ingalaterra, Gales eta Ipar Irlandak osaturiko batasunak 300 urte ditu. Europan batasun sendo eta iraunkorrenetakoa da. Segurtasuna eta egonkortasuna bermatzen ditu, baina, batez ere, abantaila handiak ekarri dizkigu eskoziarroi. Parlamentu propioa dugu egun, eta etxebizitza, garraio eta osasun gaietan, besteak beste, erabakitzeko eskubidea dugu. Eta Londresko gobernu ezberdinetan ere parte hartzea izan dugu eskoziarrok", azaldu du.

Horrexegatik, "eta Eskoziak Erresuma Batuarekin duen lotura estua kontuan hartuta, askoz ere interesgarriagoa da guretzat elkartuta jarraitzea banatzea baino".

Dirua eta autogobernua

Politikari eskoziarrarentzat, bereiztearen aldekoen ahulezia nagusia etorkizuneko Eskoziak izango duen diruaren inguruko guztia da. Salmond eta independentziazaleak liberaren barruan jarraitzea nahiko lukete, "baina horren inguruan Erresuma Batua osatzen duten gainerakoek ere zeresanik badute".

"George Osborne Ogasun ministroak dagoeneko azaldu du ez dela diru-batasunaren aldeko. Eta inkestek diote britainiarrek ez luketela nahi diru bakarrari eustea Eskoziak agur esatea ebatziko balu. Gure ekonomiarentzat ere ez litzateke onuragarria izango, herri independentea izanez gero, liberaren barruan jarraitzea. Oso txarra litzateke", uste du Whittonek.

Ezezkoaren alde egonagatik, Laboristen ordezkari honek ez du zalantzarik erreferenduma egitea beharrezkoa dela. "Auzi hau behin betiko argitu behar dugu", azpimarratu du.

Horren esanetan, azken 40 urteotan Eskozian beti izan da Erresuma Batutik alde egitearen aldeko jendea. Egun, eskoziar abertzaleek Parlamentuan gehiengoa lortu duten honetan, "garaia da auzi hau argitu eta gizarteak zer pentsatzen duen jakiteko".

"Bi urte daramatzagu kanpaina egiten. Jendeak baditu aldeko zein kontrako argudioak. Gai honekin zirt edo zart egin behar dugu, eta gure eskola eta erietxeak nola hobetu behar ditugun hitz egiten hasi behar dugu", azaldu du.

Herritarrek irailaren 18ko galdeketan Eskoziak Erresuma Batuaren baitan jarraitzea erabakitzen badute, herrialdeak autogobernu handiagoa izango duela iradoki du.

"Better Together osatzen dugun hiru alderdiek (Kontserbadorea, Laborista eta Liberala) botere gehiago agindu dute eskoziarrek britainiar izaten jarraitzea erabakitzen badugu", esan du Whittonek.

Albisteak (4)