Mehatxu gehiago
Estatu Islamikoak David Haines boluntarioa hil du burua moztuta
Erredakzioa
Plazaratutako bideo berri batean Hainesen hilketa igrabatu dute. Cameronek Britainia Handiak boluntarioaren hiltzaileak "ehizatuko" dituela ziurtatu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Estatu Islamikoak David Haines britainiar boluntarioa burua moztuta hil du, taldeak beste bideo batean agertu duenez. Horrez gain, beste britainiar bat, Alan Henning, hiltzeko mehatxua egiten dute, SITE terrorismo adituen taldeak zabaldu duenez.
'Amerikaren aliatuentzako mezua' izendatu duten bideoa larunbatean plazaratu dute, eta James Foley eta Steven Sotloff kazetari estatubatuarren hilketak erakusten zituzten aurreko bi bideoen antzekoa omen da.
Oraingo bideo honetan, jihadisten bahitua (Haines) David Cameron Britainia Handiko lehen ministroari zuzentzen zaio: "AEBrekin koalizioa eratu nahi izan zenuen Estatu Islamikoaren aurka, Tony Blair zure aurrekoak egin zuen bezala eta estatubatuarrei ezetz esateko ausardiarik ez zuten gure lehenengo ministroen joerari jarraituta".
SITEren arabera, litekeena da Hainesen ondoan ageri den borreroa Foleyren eta Sotloffen bideoetan agertzen den hiltzaile berdina izatea. Milizianoak, gainera, mehatxu egiten die Cameroni eta Gobernu britainiarrari grabazioan: Britainia Handiak Estatu Batuekin duen itunak euren "suntsipena arindu" baino ez omen du egingo, eta herritar britainiarrak "beste gerra amaigabe eta odoltsu batera" eramango dituela ohartarazten die.
Londres, bideoa aztertzen
"Badaukagu bideoaren berri, eta lanean ari gara edukia egiaztatzeko", esan du Britainia Handiko Kanpo Arazoetarako Ministerioko bozeramaile batek.
"Ehiza"
David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak bere Gobernuko Larrialdietarako Batzordearekin bildu eta gero esan duenez, Britainia Handiak "harrapatuko ditu" David Haines boluntarioaren hiltzaileak.
Armadako, Poliziako eta Inteligentziako ordezkariekin izandako bileraren ostean egindako prentsaurreko batean, Cameronek esan du Gobernu britainiarrak aliatuekin lan egingo duela eta "beharrezkoak diren urratsak" emango dituela Estatu Islamikoaren mehatxuari aurre egiteko.
"Ezin dugu burua makurtu mehatxu honen aurrean, eta gure segurtasuna kaltetu", esan du lehen ministro britainiarrak.
Herrialdeak "pausoz pauso" aurrera egin behar duela nabarmendu du Cameronek, Estatu Islamiakoa "modu lasai eta antolatuan, baina ausardiaz desegiteko eta suntsitzeko".