Itxi

Erreferenduma

Londresek Eskoziari autonomia handiagoa agindu dio berriro

Erredakzioa

Erresuma Batuko hiru alderdi nagusietako buruzagiek gutun bat sinatu dute eta osteguneko erreferendumean "ezezkoak" irabazten baldin badu autonomia handiagoa agindu diote Eskoziari.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Erresuma Batuko hiru alderdi nagusietako buruzagiek (kontserbadoreak, laboristak eta liberaldemokratak) gutun bateratua sinatu dute eta osteguneko erreferendumean "ezezkoak" irabazten baldin badu autonomia handiagoa agindu diote Eskoziari, EFE albiste-agentziak jakitera eman duenez.

"Eskoziako Parlamentua iraunkorra da eta adostutako egutegi eta prozesuaren bidez botere handiagoak emango dizkiogu, gure hiru alderdiek iragarri bezala, prozesua irailaren 19an hasiko litzateke", adierazi dute Daily Record egunkarian argitaratutako gutunean. David Cameron kontserbadoreak, Ed Miliband laboristak eta Nick Clegg liberlademokratak mezua sinatu dute.

Bozketarako bi egun baino ez direnean falta, gutuna argitaratu dute Eskoziako egunkarian. Inkestetan aldeak oso txikiak dira eta independentistek aldea murriztea lortu zuten abuztuan. Horrek Erresuma Batuko politikarien artean urduritasuna areagotu du.

Eskoziara azken bidaia egin zuen David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak astelehenean. "Gure Erresuma Batua salbatzeko" botoa eskatu zien Cameronek eskoziarrei. Ingalaterraren eta Eskoziaren arteko batasunaren haustura eragozteko eskatu zien, "dibortzio oso mingarria" izango litzatekeelako.

"Eskaintza, etsi-etsian"

Alex Salmond Eskoziako ministro nagusiaren hitzetan, gutuna "azken orduan, etsi-etsian, egindako eskaintza hutsa da". Hala eta guztiz ere, "Eskoziaren etorkizuna Eskoziaren esku jartzeko aukera ez dute baztertuko eskoziarrek", gaineratu du.

Bestalde, Milibandek Eskoziara azken bidaia egin du gaur. Buruzagi laboristari oihuka eraso egin diote eta baita bultza egin ere. "Baiezkoaren" aldekoek eraso egin diote Edinburgoko merkataritza-gune batean.

Albisteak (4)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)