Itxi

Eskoziako erreferenduma

Ospetsuak Eskoziako erreferendumaren aurrean: zer bozkatuko dute?

David Perez | eitb.eus

Zein da Sean Connery, JK Rowling, Mick Jagger eta beste hainbat ospetsu britainiarren jarrera? Hemen argitzen dizuegu.

Sean Connery aktorea, Eskoziako independentziaren aldekoen aurpegi ezagunena

Eskoziaren independentziaren aldeko zein kontrako kanpaina ez da politikarien kontua bakarrik. Pertsonaia ospetsu britainiarrek ere hartu dute parte, babes esplizituak edota dirua emanez.

Twitterren, gainera, ospetsuen jarrerak zehazten dituen profil bat dago: @Celebs4indy.

Eskoziaren independentziaren aurkako kanpainak ospetsu gehiago eta eragin handiagokoak bildu ditu, baina gehienak ingelesak dira eta, beraz, ezingo dute erreferendumean bozkatu.

Hona hemen erreferendumaren aurrean euren jarrera zehaztu duten hainbat ospetsu:

ESKOZIAKO INDEPENDENTZIAREN ALDE

Sean Connery: Aktore eskoziarra, zineman 007 agente sekretuarena egin zuen lehena, independentziaren aldekoen aurpegi ezagunena da. "Independentzia izateko aukera onegia da; ezin dugu galdu", esan zuen martxoan. Dena dela, ezingo du erreferendumean bozkatu, ez baita Eskozian bizi.

Ken Loach: Zinemagile ingelesak honakoa adierazi zuen otsailean: "Eskoziak alde egiten badu, adibide onaren mehatxua gertatuko litzateke, Latinoamerikan esaten duten bezala, Erresuma Batua baino hobea izango litzatekeen herrialde bat lortuko luketelako".

Gerard Butler: 300 filmaren protagonistaren esanetan, Eskozia eta Erresuma Batua herrialde "ezberdinak" dira.

Franz Ferdinand: Musika taldeak (Bilbao BBK Live jaialdiko azken edizioaren izarra) kontzertua eskaini du Edinburgon, independentziaren aldeko kanpaina babesteko.

Alan Cumming: The Good Wife telesaileko aktorea oso aktiboa izan da sare sozialetan, independentziaren alde, eta Hollywoodetik itzuli da Eskoziara, kanpainan parte hartzeko.

Vivienne Westwood: Diseinatzaile ingelesak baietzaren aldeko txapa bat jantzi zuen London Fashion Weekeko desfile batean. "Nire aberriaren aurkakoa naiz, Ingalaterrak porrotera eraman baikaitu", esan zuen.

Beste batzuk: Brian Cox, Annie Lennox, Irvine Welsh, Frankie Boyle, Alasdair Gray, Alan Bissett, Kevin Bridges, Alexander Moffat, Ken Currie eta Robbie Coltrane.

 

ESKOZIAKO INDEPENDENTZIAREN AURKA

JK Rowling: Harry Potterren liburuen sortzaileak (Ingalaterran jaio zen, baina Eskozian bizi da) milioi bat libera (1,25 milioi euro) eman dizkio Betther Together (Batera, hobe) kanpainari.

Paul McCartney: The Beatles taldeko kide ohia Stay Together adierazpenaren sinatzaileetako bat da. Adierazpen horrek Eskoziak Erresuma Batuan jarraitzea eskatzen du, baina, hori bai, erabakia eskoziarrena baino ez dela aitortuta.

Ewan McGregor: Eskoziako aktore ezagunena (Sean Conneryren ostean, noski) eskoziarra izateaz "harro" agertu da, baina ez dela independentista argitu du.

Mick Jagger: Rolling Stones taldeko buruak ere sinatu du Stay Together adierazpena. Zerrendako ezusteetako bat izan zen.

David Beckham: Unionisten azken fitxaketetako bat izan da. Ingalaterrako futbol selekzioko kapitain ohiak Erresuma Batuaren eta Eskoziaren arteko "lotura historikoa" ez haustea eskatu du.

David Bowie: Abeslariak otsailean, Brit Awards sariak banatzeko ekitaldian, egin zuen independentziaren aurka. "Eskozia, gera zaitez gurekin!", aldarrikatu zuen, Kate Moss modeloak ekitaldi horretan irakurritako gutun batean.

Beste batzuk: Stephen Hawking, Sting, Rod Stewart, Judi Dench, Alex Ferguson, Elena Bonham Carter, Emma Thompson, David Attenborough eta Simon Cowell.

Informazio gehiago (1)