Bideoa: 'Gerra sugarrak'
Etxe Zuriari eraso egingo diola mehatxu egin du Estatu Islamikoak
Erredakzioa
"Borroka hasi baino ez da egin", adierazi du talde terrorista islamiarrak bere azken grabaketan. Bideoak pelikula baten aurrerakinaren antza du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Etxe Zuriari eraso egin eta AEBetako tropak akabatuko dituela mehatxu egin du Estatu Islamikoak bideo berri batean. Gutxi lehenago, talde terrorista "suntsitzeko" kanpaina abiatu du Barack Obama AEBetako presidenteak.
Pelikula baten aurrerakina ematen du bideoak; izan ere, ohiko mezuarekin hasten da: "Coming soon" (laster). Belauniko dauden zenbait presori burura tiro egingo dien gizon baten irudia agertzen da ondoren.
Grabazioaren amaieran, Etxe Zuriaren irudi zirriborrotsuak azaltzen dira. Antza denez, auto batetik grabatu dituzte. Ondorioz, eraikina eraso baten jomuga izan daitekeela aditzera eman nahi dute.
Bideoa astearte honetan igorri dute. Estatu Islamikoaren milizien aurkako borrokan Irakeko soldaduei laguntzeko tropak bidaltzeko aukera aztertzen ari direla esan dute gaur AEBetako buruzagi militarrek.
Obama
52 segundoko iraupena du bideoak eta hitz bakarrak Obama presidenteak egiten ditu. AEBetako tropak Irakera bidali behar ez zituela agindu zuen buruzagiak aspaldi.
Amerikako Estatu Batuetako soldaduak tiroak jasotzen, zaurituak eta ibilgailu blindatu batean babes hartzen ikus daitezke bideoan, The Guardian egunkariak jakinarazi duenez. Irudiak mehatxu bat direla uste du egunkariak. Washingtonek soldaduak bidaltzen baldin baditu tropei gertatuko litzaiekeena aditzera ematen du grabaketak.