Itxi

Profila

Alex Salmond: Eskoziaren independentzia gertu izan zuen gizona

Erredakzioa

2011n gehiengo osoa lortu zuen SNP alderdiarekin, eta inoizko hordagorik handiena bota zion Londresko Gobernuari: independentziaren inguruko erreferenduma.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Alex Salmond Eskoziako ministro nagusiari ihes egin dio Eskoziako independentziaren ametsak, eskoziarrek ezetz esan baitiote independentziari.

Boto guztiak zenbatuta, independentziari ezetz esan diote boto-emaileen % 55,3k (2.001.926 boto), baietzaren aldekoei ia 10 puntuko aldea aterata.

2011n gehiengo osoa lortu zuen Salmondek Scottish National Party (Eskoziako Alderdi Nazionala) alderdiarekin, eta inoizko hordagorik handiena bota zion Londresko Gobernuari: independentziaren inguruko erreferenduma.

Orduan ez zuten zalantzan jartzen politikariak gaitasun handia zuela nahi zuena lortzeko, baina gutxik uste zuten hainbeste herritar konbentzitzeko gai izango zenik. Burugogortasuna eta irribarrea izan ditu lan horretan lagun. Ezezkoak irabazi arren, Salmondek lortu du historia liburuetan bere izenari lekua egitea, eta Eskoziak autonomia gehiago izango du aurrerantzean

Ibilbidea politika munduan

Alex Salmond 1954an jaio zen Eskoziako Linlithgow hirian. Ama kontserbadorea zuen eta aita, berriz, laborista. St. Andrews unibertsitatean ikasi zuen, eta Ekonomia eta Historian lizentziaduna da. Royal Bank of Scotland banketxean hainbat urte lanean aritu ondoren, 1979an lortu zuen lehen diputatu eserlekua Londresen. Garai hartan zatituta zegoen Eskoziako Alderdi Nazionaleko ordezkaria zen Salmond, eta gaur egun bera da alderdi horretako burua. 2005ean, Edinburgora itzuli zen, eta zatitutako alderdiaren zati baten buruzagitza bere gain hartu zuen. Bi urte geroago, hauteskundeak irabazi zituen, eta 2007ko maiatzaren 16an Eskoziako lehen ministro nagusi nazionalista bilakatu zen. Hala ere, gutxiengoan gobernatu behar izan zuen, eta ezin izan zuen agindutako independentzia erreferenduma deitu. Salmonden aginteak, baina, konbentzitu egin zituen eskoziar asko, sendagaiak eta unibertsitate ikasketak doakoak izatea erabaki ondoren bereziki. Hurrengo hauteskundeetan (2011) gehiengo osoa lortu zuen.

Zuhurtzia bizitza pertsonalean

Jendaurrean eta komunikabideetan maiz agertzen den arren, kameretatik ezkutuan du Salmondek bere bizitza pribatua. 30 urte daramatza ezkonduta Moria McGlashanekin (bera baino 17 urte zaharragoa da emaztea) eta ez dute seme-alabarik.

Albisteak (3)

Bideoak (1)