Analisia
Eskoziako ispilua
Iñigo Herce | EITB.EUS
Cameronek sakoneko beste argudio bat utzi du: erreferendumak eskoziarren independentziaren auzia ixten du "belaunaldi baterako edo, agian, betiko".
Erresuma Batuak eta Eskoziak erakutsia eman diote demokraziari. Gatazka politiko baten aurrean, herritarrek euren nahia agertu eta etorkizunerako bidea aukeratu dute modu baketsu eta librean. Europaren bihotzean gertatu da, demokrazia sistema zaharrena duen herrialdean. Irailaren 18ko erreferendumak britainiarren demokrazia sendotu eta egonkortu du, baita zilegitasun handiagoa eman ere.
David Cameron bera ere indarberrituta irten da. Ataka zail baten aurrean zegoen Downing Streeteko maizterra. Baiezkoaren garaipenak dimisioaren atea irekiko zion, zalantzarik gabe, bera izan baitzen eskoziar abertzaleen enbidoari hordago jo ziona. Autonomia gehiago eskatuz zegoen aldarriari "dena ala ezer ez" erabakitzeko erronkarekin erantzun zion. Jokaldia ondo atera zaio. Baina ez hori bakarrik. Bere hitza bete eta, aurreko egunotan iragarri bezala, Eskoziari botere gehiago emateko legea berehala bultzatuko duela azaldu du bere lehen agerraldian. Cameronek sakoneko beste argudio bat utzi du: erreferendumak eskoziarren independentziaren auzia ixten du "belaunaldi baterako edo, agian, betiko".
Erresuma Batuaren heldutasun politiko eta demokratikoa azpimarragarriak dira. Prozesu guztia izan da eredugarria. Alde biek azaldu dituzte, denboraz eta joko garbia erabiliz, euren jarrerak, nahiz eta kanpainaren azken asteetan urduritasuna zabaldu eta beldurra piztu duten zenbait ahots entzun diren.
Zenbaitentzat orain arte erreferenduma egiteko eredugarri izan den Quebecen ez bezala, Eskozian ez zegoen "argitasun legerik", independentzia gehiengo zabal batek erabaki behar zuela jasotzen zuen araurik. "Aldea txikia izanda ere", emaitza ontzat emango zutela esan zuten bi aldeek bozketa eguna baino lehen. Eta horrek ispiluaren aurrean jartzen ditu Europa eta mundu osoko hainbat herrialde. Herritarren eta ordezkari politikoen nahi zabal baten aurrean, legeak hitz egiteko aukerarik ematen ez duela argudiatzeak beldurra, konfiantza falta eta heldutasun eskasa erakusten ditu. Espainiar Estatuak begiratuko ote dio inoiz bere buruari ispilu horretan?