Itxi

Erreakzioak

Nola jaso du nazioarteko prentsak ezezkoaren garaipena?

Erredakzioa

Titularretan, erreferendumean izandako parte-hartze handia nabarmendu dute; halaber, Londresek Eskoziari autonomia handiagoa emateko hartutako konpromisoa gogorarazi dute.

Eskoziako erreferendumean ezezkoak lortutako garaipena dute hizpide mundu osoko egunkari askok. Titularretan, erreferendumean izandako parte-hartze handia nabarmendu dute, eta Londresek Eskoziari autonomia handiagoa emateko hartutako konpromisoa gogorarazi dute.

Prentsa britainiarrak Erresuma Batuak bere lurralde osotasunari eutsiko diola azpimarratu du. The Telegraph kontserbadorearen ustez, "Erresuma Batua salbu da, Eskoziak independentziari uko eginda"; The Timesen arabera, berriz, "Eskoziak ezezkoaren alde eman du botoa, Salmonden ametsari amaiera emateko".

"Eskoziak independentziari uko egin dio: Cameronek dio, lehiarik gabe, errepikapenik gabe", zehaztu du The Guardianek; ezezkoaren aldekoak oso pozik eta Salmond itxuraz goibel islatzen dituzten argazkiak erabili dituzte.

The Independentek, hitz-jokoa erabiliz, ondorengoa esan du: "Erresuma, berriro Batua: Eskoziak argi esan dio ezetz independentziari erreferendum historiko batean". Prentsa sentsazionalistari dagokionez, Mailonlinek "Eskoziak ezetz esan du", jaso du.

Alemanian, Frantzian eta Italian, jarraipen zabala

Alemanian, komunikabide digitalen edizio guztiek nabarmendu dute eskoziarrek zatiketaren aurka eta Erresuma Batuaren alde egin dutela. "Eskoziak Erresuma Batuaren alde erabaki du", esan du Süddeutsche Zeitungek; Frankfurter Allgemeine Zeitungek, bere aldetik, aurreko inkestek zehazten zuten emaitza estua izan du kontuan "Eskoziarrek independentziaren aurka bozkatu dute" esateko. "Eskoziak independentziaren aurka egin du, Erresuma Batutik bereiztearen inguruko erreferendum historiko batean", esan du Bildek; emaitzak ezagutu ostean pozik azaltzen ziren eskoziarrak erakutsi ditu egunkari horrek bere argazkietan.

Frantziako prentsaren ustez, ezezkoaren garaipena da nabarmentzekoa; baina erreferendumak sortutako mugimenduak Eskoziari autonomia handiagoa ekarriko diola ere azpimarratu dute bertan. "Eskozia ez da independentea izango", esan du Le Mondek; Alex Salmonden lehen erreakzioaren berri eman du (Eskoziako ministro nagusiak porrota onartu du eta agindutakoa betetzeko eskatu dio Londresi).

Liberationen titularretan, honakoa jaso dute: "Eskoziarrek ezetz esan diote independentziari". Le Figaroren esanetan, hautesleen gehiengoak baztertu du independentzia, eta parte-hartze handia, "ikaragarria", azpimarratu dute (% 84koa izan da).

Komunikabide italiarrek nabarmendu dute espiritu britainiarra "kaltetu" dela, nahiz eta unionismoak irabazi duen, eta hemendik aurrera "herrialde desberdina izango da". Il Corriere della Sera pozik azaldu da Erresuma Batuaren batasunarekin, baina, beste komunikabideek bezala, gogorarazi du balitekeela Salmonden etorkizunean emaitzak eraginik ez izatea, nahiz eta erreferendumean galdu.

Italian, halaber, Artur Masek azarorako deituta duen kontsultarekin lotu dute Eskoziako erreferenduma. Il Sole 24 Orearen arabera, Bartzelonak mirespenarekin eta inbidiarekin bizi izan du prozesu eskoziarra. Artur Mas Kataluniako presidentea "inbidiosoa" dela esan du egunkari horrek.

Kanadan eta Quebecen, arreta handiz

Kanadan eta Quebecen –bi erreferendum egin dituzte bertan- arreta handiz jarraitu dute botazioa. Erresuma Batuarekiko independentziari uko egin diotela nabarmendu dute bertan egunkari digital nagusiek.

"Eskoziak independentziari uko egitea bozkatu du", esan du Toronto Star egunkariak (Kanadan gehien saltzen dena); The Globe and Mailek gazte independentista baten tristura islatzen duen argazki bat aukeratu du ondorengo titularrarekin: "Eskoziak independentzia baztertu du".

Prentsa frankofonoari dagokionez, Quebeceko Le Soleilek "Eskoziak batasunaren alde egin du" esan du. Le journal de Montrealek ezezkoaren garaipena nabarmendu du. La Pressek garaipen argia izan dela azpimarratu du.

AEBn eta komunikabide arabiarretan

AEBren prentsari dagokionez, The Washington Postek ondorengoa jarri du izenburuan: "Parte-hartze handia, hautesleek Erresuma Batuan geratzea erabaki dute", eta Ingalaterraren eta Eskoziaren arteko lotura historiko bereziaren inguruko ohar bat ere zabaldu du. The New York Timesek ere ezezkoaren garaipena jaso du bere portada digitalean, eta unionisten poza islatzen duen argazki bat erabili du. Erreferenduma historikoa izan dela esan du.

The Wall Street Journalen esanetan, "Eskoziak Erresuma Batuan jarraituko du", baina gogorarazi du garaipenak ez diola presiorik kenduko David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroari; izan ere, orain kanpainan agindutakoari eutsi beharko dio.

Komunikabide digital arabiar nagusien artean, Al-Jazira Qatarreko kateak ondorengoa jaso du ingelesezko edizioan: "Eskoziak independentziaren aurka egin du erreferendumean".

Al-Arabija Arabiar Emirerri Batuetako katearen arabera, "Eskoziak Erresuma Batuarekin lotuta egotearen alde egin du". Londresen argitaratzen duten As-Sharq al Awsat egunkari arabiarrak "parte-hartze handia" nabarmendu du. Egipton, Al-Ahram egunkariak dio eskoziarrek "independentziari ezetza" eman diotela, eta erreferenduma "historikoa" izan dela gaineratu du.

Albisteak (3)