Erasoak Siriara hedatu ditu
AEBk Estatu Islamikoaren aurkako erasoak abiatu ditu Sirian
Erredakzioa
Erasoetan bost herrialde arabiarrek hartu dute parte, baina Frantziak eta NATOk ukatu egin dute operazioaren parte direla.
Your browser doesn’t support HTML5 video
AEBk eta "nazio aliatuek" Estatu Islamikoaren (EI) aurkako aire-erasoak abiatu dituzte jada Sirian, duela bi aste Barack Obama presidente estatubatuarrak aurreratu zuenez.
"AEBren eta nazio aliatuen indarrek Estatu Islamikoaren aurkako erasoei ekin diete Sirian, gerra-hegazkinak, bonbardaketak eta Tomahawk misilak erabilita", iragarri du Twitterren John Kirby Pentagonoko bozeramaileak.
AEBren Armadak atzo jaso zuen Sirian bonbardaketak hasteko agindua. Ez dute zehaztasun gehiagorik eman, "operazioa martxan dagoelako".
Irailera arte, Obamak baztertu egin zuen Estatu Islamikoaren aurkako erasoak Siriara ere zabaltzea, eta, duela urtebete, Siriako Erregimenaren aurka egitea baztertu zuen, arma kimikoak erabiltzen zituen arren.
Estatu Islamikoaren hazkundeak eta Mendebaldeko herritarren exekuzioek Ekialde Hurbilean operazio militarra abiatzera behartu dute Obama, Irakeko eta Afganistango gerrak hasi eta hamarkada batera.
US military & partner nation forces have begun striking ISIL targets in Syria using mix of fighters, bombers and Tomahawk missiles.
— Rear Adm. John Kirby (@PentagonPresSec) september 23, 2014
Erasoetan parte hartu duten aliatuak
The Washington Post eta The New York Times egunkariek zehaztu dutenez, erasoetan bost herrialde aliatuk hartu dute parte, eta denak arabiarrak dira: Bahrain, Jordania, Qatar, Saudi Arabia eta Emirerri Batuak.
Frantziak eta NATOk ukatu egin dute parte hartu izana, eta Erresuma Batua bat egin edo ez aztertzen ari da.
Siriako Gobernuak bazekien
Bestalde, Siriako Erregimenak bazekien AEBk Estatu Islamikoaren aurkako erasoak egingo zituela.
"Estatubatuarrek Siriak NBEn duen enbaxadoreari jakinarazi zioten Raqqa herrian Estatu Islamikoa erakunde terroristaren aurkako erasoak egingo zituela", azaldu du Walid al Mualem herrialde horretako Atzerri ministroak.