Itxi

Estatu Islamikoa

Jihadistekin bat egiteko atzerrira doazenak jazartzea agindu du NBEk

Erredakzioa

Azken urteetan, 80 herrialdetako 15.000 pertsona joan dira Siriara, Estatu Islamikoarekin bat egiteko.

NBEko Segurtasun Kontseiluaren bilera. EFE

NBEko Segurtasun Kontseiluak halabeharrez betetzekoa den ebazpen bat onartu du bart, aho batez, Estatu Islamikoaren (EI) aurka borroka egiteko. Hain zuzen ere, "ekintza terroristetan" parte hartzeko asmoz atzerrira joaten diren herritarrak "auzipetzea" agindu die erakundeak nazioarteko herrialdeei.

Barack Obama AEBko presidenteak zuzendutako bilera batean, Segurtasun Kontseiluak kezka agertu du gero eta jende gehiago atzerrira joaten baita talde jihadistekin bat egiteko. Mendebaldeko herrialdeen artean kezka are handiagoa da, askotan pertsona horiek jaioterrira itzultzen baitira, bertan eraso terroristak egiteko.

AEBko Gobernuaren datuen arabera, 80 herrialdetako 15.000 pertsona joan dira Siriara azken urteetan, Estatu Islamikoarekin edo beste talde jihadistekin bat egiteko. Horietatik, 2.000 europarrak dira eta 100 estatubatuarrak.

Horiek horrela, NBEko Segurtasun Kontseiluak terrorismoarekin lotuta egon daitezkeen pertsonei herrialdera sartzea ukatzea agindu dio nazioarteari.

"Siriako eta Irakeko talde terroristekin bat egiteko xedez herrialdetik atera diren 50 pertsona" identifikatu dituzte Espainian, Manuel Gomez Acebo Magreberako, Afrikarako, Mediterraneorako eta Ekialde Hurbilerako zuzendari nagusiaren esanetan. Halaber, Espainia "terroristen pasabidea" bihur litekeela ohartarazi du Atzerri Politika eta Lankidetza Ministerioko mandatariak.

Errusiak eta Txinak ere babestu dute ebazpena, azken urteetan Siriari buruzko ekimen gehienei betoa jarri badiete ere.

Albisteak (3)