Estatu Islamikoaren aurka
Erresuma Batuko hegazkinek aurreneko erasoa egin dute Iraken
Erredakzioa
Ehiza-hegazkinek jihadisten ibilgailu bati eta posizio armatu bati eraso diete. Orain arte helburu posibleak bilatzeko hegaldiak egin dituzte Erresuma Batuko hegazkinek.
Erresuma Batuko hegazkinek (RAF) Estatu Islamikoaren aurkako erasoa egin dute gaur aurrenekoz Iraken, iragan ostiralean Erresuma Batuko Parlamentuak bonbardaketak egiteko baimena eman eta gero.
Ehiza-hegazkinek jihadisten ibilgailu bati eta posizio armatu bati eraso diete, Erresuma Batuko Defentsa Ministerioak gaur jakitera eman duenez. Orain arte helburu posibleak bilatzeko hegaldiak egin dituzte Erresuma Batuko hegazkinek.
Jihadisten aurkako "bi eraso zehatz horiek arrakastaz" egin dituzte, eta bi hegazkinak inolako arazorik gabe itzuli dira Akrotiri (Zipre) basera, Michael Fallon Defentsa ministroak goraipatu duenez.
Balizko helburuak bilatzeko beste misio bat hasi dute gaur bi ehiza-hegazkinek, baina tropa kurduek laguntza eskatu diete Irakeko ipar-ekialdean.