Itxi

Beste hilketa bat

Alan Henning bahituari lepoa moztu dio Estatu Islamikoak

Erredakzioa

AEBko Gobernuak azken bideoan mehatxatzen duten bahitua Pete Kassing estatubatuarra dela baieztatu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Alan Henning Erresuma Batuko bahituari lepoa moztu dio Estatu Islamikoak, SITE atariaren arabera. Talde terroristak hilketaren bideoa zabaldu du. Henning akabatu behar zutela ohartarazi zuen Estatu Islamikoak aurreko grabazio batean.

Bahitua belauniko agertzen da 'AEBentzako eta bere aliatuentzako mezu berri bat' bideoan. "Gure Parlamentuak Estatu Islamikoari eraso egiteko erabakia hartu zuen eta nik, Erresuma Batuko herritar gisa, ordainduko dut", dio Henningek grabaketan.

David Heines boluntarioa hil zutenean beste bideo bat igorri zuten terroristek. Grabaketa berdinean Henning hiltzeko mehatxua egin zuen Estatu Islamikoak. David Cameronen Gobernuak jihadismoaren aurkako borrokarekin aurrera jarraitzen baldin bazuen Henning hil behar zutela ohartarazi zuen beltzez jantzitako gizon batek bideo horretan.

Bahitu berria

Estatu Islamikoak igorri duen bideo berriaren amaieran bahitu berri bat agertzen da, Peter Edward Kassing estatubatuarra.

Aurpegia estalita duen jihadistak Kassing lepotik heldu eta Barack Obama AEBko presidenteari zuzentzen zaio. “Gure herritarrak kolpatzen jarraitzen duen aireko bonbardaketa hasi duzu Shamen (Siria). Beraz, zuen herritarren lepoaren aurka egitea gure eskubidea da”, mehatxu egin du jihadistask.

AEBetako Gobernuak azken bideoan agertzen den bahitua Pete Kassing dela baieztatu du.

“Peter Kassing estatubatuarra Estatu Islamikoak bahitua duen pertsona dela baieztatu dezakegu. Bideoaren egiazkotasunaren inguruan ez dugu zalantzarik”, gaineratu du. “Peter bere sendiarekin batera etxera ekartzeko lanean jarraituko dugu”, gaineratu du oharrak.

Cameronen erantzuna

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak Alan Henningen hilketa kondenatu du eta esan duenez, horrek "argi uzten du terrorista horiek zein basati eta nazkagarriak diren". "Barbara Alanen emaztearekin pentsatzen ari naiz eta baita maite zuten guztiekin ere", adierazi du Londreseko Gobernuko buruzagiak.

Cameronek gogoratu du Salfordeko taxilaria Siriara "erlijio guztietako jendeari, behar zuen orori, laguntza humanitarioa eskaintzera" joan zela. "Besteak laguntzen saiatzen ari zen eta bahitu zuten. Horrek argi uzten du ISILen terroristen (horrela deitzen dituzte Estatu Islamiarreko kideak) ez dutela mugarik", adierazi du.

"Hiltzaile horiek hartu eta justiziaren aurrean eramateko posible dugun guztia egingo dugu", esan du Cameronek.

Erasoak

Londresek, ostera, ez du atzera egin eta Bagdadek eskatuta Estatu Islamikoaren kontra borrokatzeko laguntza areagotu du. Horrela, bonbardaketekin hasteko baimena eman zuen Erresuma Batuko Parlamentuak irailaren 26an. Lau egun geroago bonbardaketak hasi ziren.

Henningek bi seme-alaba ditu eta taxilaria da. Boluntario gisa lanean ari zen Sirian bahitu zutenean, 2013ko amaieran. Iragan asteartean, Barbara emazteak Henning aske uztea eskatu zuen: "Errugabea da".

Albisteak (4)

Bideoak (1)