Ebola
Osasun langile bat ebolaz kutsatu da AEBn, gaixo bat zainduta
Erredakzioa
Osasun langileak asteazkenean ebolak jota Dallasen hil zen liberiarra artatu zuen.
Your browser doesn’t support HTML5 video
AEBn atzemandako lehen ebola gaixoa zaindu zuen Dallasko osasun langile bat ebolaz kutsatu da, AEBko Gaixotasunen Kontrolerako Zentroak baieztatu duenez. Ebolaren lehen proban positibo eman du, eta Gobernuak baieztatu egin du emaitza hori.
Ameriketako Estatu Batuetan ebolaz kutsatu den lehen gaixoa da, baina agintariek kasu gehiago egon daitezkeela ohartarazi dute.
Osasun langilea isolatuta dago, eta bera izan zen Thomas Eric Duncan, ebola birusak jota AEBn asteazkenean hil zen gaixoa, artatu zuen langileetako bat.
AEBn ebolaz kutsatutako lehen pertsona da, baina Gobernuak kasu gehiago egon daitezkeela aurreratu du.
Osasun langilea bera izan zen ebola izan zezakeela ohartarazi zuena, sukar pixka bat zuela konturatu ondoren.
David Lakey Texaseko Osasun Saileko medikuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Dallasko taldea indartu egin dute, eta birusa zabaltzea eragozteko lanean ari dira.
Osasun langilearekin harremana izan duten pertsonak identifikatu nahian dabiltza orain, eta kutsatuta daudela susmatuz gero, kontrolpean jarriko dituzte.
Kutsadura segurtasun protokoloa hausteagatik gertatu dela salatu dute
Tom Frieden Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Zentroko zuzendariak azaldu duenez, segurtasun protokoloa hausteagatik kutsatu da Dallasko ospitale bateko osasun langilea. Thomas Eric Duncan gaixoarekin harremanetan egon ziren pertsona guztiak Ebolaren birusaren eramaileak izan daitezke.
"Gertakarien bilakaera dela eta, oso arduratuta gaude", adierazi du Friedenek, eta protokoloa urratu dela gaineratu du.
Obamak gertaturikoa argitzeko ikerketa agindu du
Barack Obama AEBko presidenteak protokoloan izandako balizko haustura ikertzeko eskatu dio Gaixotasunen Kontrolerako Zentroari.
Halaber, aipaturiko zentroko langileak Dallasko ospitalera bidaltzea eskatu du, agintarien laguntzaz infekzioa kontrolatzeko prozeduren eta materialaren erabilera gertutik kontrolatzeko.
Bestalde, Obamak ikerketa agindu du gaixoa ebolaz kutsatzeko zerk huts egin duen argitzeko.