Israel
Jerusalemgo sinagogan zaurituetako bat hil da, zazpigarren biktima
Erredakzioa
Larri zaurituta zegoen polizia bat zen. Israelgo lehen ministroak ohartarazi du "gogor" erantzungo diola erasoari.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bi palestinarrek atzo Jerusalem Mendebaldeko sinagoga baten kontra egin zuten erasoan larri zauritu zen polizia bat hil egin da, bart, ospitalean, eta dagoeneko zazpi dira tiroketan hildakoak, bi ustezko erasotzaileak barne.
Zidan Sif, 30 urteko polizia, da hildakoa. Sinagogara heldu zen lehenengo polizietako bat izan zen, eta larri zauritu zen ustezko erasotzaileekin izandako tiroketan.
Beste lau errabino (hiru estatubatuar eta britainiar bat) sinagogan bertan hil zituzten, labanak, aizkorak eta pistolak eskuetan joan ziren erasotzaileek.
Ustezko erasotzaileak ere lekuan bertan hil zituzten, eta zazpi lagun zauritu ziren.
Netanyahuren eta Abasen erantzunak
"Gogor erantzungo diogu errezatzera zihoazen juduen hilketari", adierazi du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. Gainera, erasoa Hamasen eta Mahmud Abas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearen probokazioaren eta nazioarteko komunitatearen axolagabekeriaren ondorio izan dela salatu du. Abasek, baina, gaitzetsi egin du erasoa.
Netanyahuren esanetan, israeldarrak "Jerusalemen aldeko borrokan” daude, eta, nazioarteari "eraso basatia" gaitzestea eskatu dio.
"Gure herrialdetik eta gure hiriburutik bota nahi gaituzte, baina ez dute lortuko. Jerusalemen, gure hiriburuaren, aldeko borrokan gaude”, esan du.
Hamasek dio israeldarren erasoen erantzuna dela
Hamas mugimenduak, bere aldetik, israeldarren erasoen "erantzun" gisa hartu du, Palestinako autobus-gidari bat urkatuta hil izanari eta Al Aksa meskitaren kontrako krimenei erantzuteko modu gisa.
Enfrentamenduak
Sinagogako hilketen ostean, enfrentamenduak egon dira Jabal al Mukaberren, Jerusalem Ekialdeko auzoan, ustezko erasotzaileen jaiolekuan. Israelgo indarren eta palestinarren arteko borrokak izan dira bertan.