Itxi

AEB-Kuba

AEB eta Kuba, 54 urteko tentsio gordinak

Erredakzioa

Bahia de Cochinoseko inbasioa eta misilen krisia izan dira harreman horretako une larrienak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

AEBk eta Kubak amaiera eman diote asteazken honetan 54 urteko tentsio eta lehia politikoari. Denbora horretan, bi herrialdeak hainbatetan izan dira gerraren atarian, Bahia de Cochinoseko inbasioan eta 'misilen krisian', kasu.

1959 urteko iraultza komunistaren ondoren, AEBk aitortu egin zuen Fidel Castro Kubako presidente gisa.

Dena dela, nekazaritza arloko erreformaren eta enpresa estatubatuarren nazionalizazioen ondorioz, alarma guztiak piztu ziren Washingtonen, eta uhartearen aurkako zigorrak ezartzen hasi zen.

Fidel Castroren Gobernua itotzeko saiakera horien baitan, AEBk blokeo ekonomikoa ezarri zion Kubari 1960an, eta Castro erorarazteko planak abiatu zituen.

Blokeo hori dekretuen bidez mantendu zuten hainbat hamarkadaz, baina 1996an lege bihurtu zuten.

Estutasun ekonomikoak zirela eta, Kuba Sobietar Batasunari hurbildu zitzaion.

Bahia de Cochinoseko inbasioa

Kubaren eta Sobietar Batasunaren arteko harremana 1961etik aurrera sendotu zen. Izan ere, urte horretan, CIAk prestatutako 1.500 erbesteratu kubatar uhartea inbaditzen saiatu ziren, Bahia de Cochinosetik sartzen. Nolanahi ere, porrot egin zuten.

Inbasio horrekin batera, AEBk Castro hiltzeko planak ere onartu zituen, herrialde horretako Senatuaren ikerketa batean ezagutu zenez.

Misilen krisia

AEBk Kuba indarrez hartzeko saiakera gehiago egingo zituela pentsatuta, Castrok uhartea militarizatzeko plana jarri zuen martxan. Horren ondorioz, Sobietar Batasunak hainbat misil kokatu zituen Kuban.

Horrela, 'misilen krisia' deritzona hasi zen, mundua gerra nuklearraren atarian jarri zuena.

Krisia 1962ko urriaren 15ean hasi zen, AEBko hegazkin-espioiek misilak atzeman zituztenean, eta hilabete horretako 28an konpondu, Nikita Khrushchev sobietarrak misilak kentzea agindu zuenean.

AEBk ere Turkian zituen misil nuklearrak kendu zituen, horren truke.

Johnsonekin eta Carterrekin, hobe

Gatazka horren ostean, Kubaren eta AEBn arteko harremanek hobera egin zuten Lyndon Johnson presidentearen agintaldian (1963-1969).

Jimmy Carter presidentearekin (1977-1981), Etxe Zuriak beste urrats bat egin zuen harremanak hobetzeko bide horretan, eta, horren ondorioz, bi herrialdeek interes-bulegoak ireki zituzten Washingtonen eta Habanan, Suitzaren enbaxadetan.

Harremana okertu egin zen 1981ean Ronald Reagan presidente egin zenetik. Agintari horrek Radio Marti eratu zuen, hau da, Miamitik Kubara gaztelaniaz emititzen zuen irrati-katea.

Carterren bisita

Milurteko berriak adiskidetze aireak ekarri zituen. Horren ildotik, 2000 urtean Bill Clinton presidenteak eta Fidel Castrok bostekoa eman zuten elkar, NBEren goi-bilera batean.

Carter presidente ohia Kubara joan zen 2002an, eta hori une historikoa izan zen, garai berriak etortzear zeuden seinale. Azkenean, baina, ez zen halakorik etorri.

George W. Bush presidenteak berriro gaiztotu zuen giroa, Kuba terrorismoa sustatzen duten herrialdeen zerrendan sartu baitzuen.

Raul Castro eta Barack Obama boterera

2006an Raul Castrok hartu zuen Fidel anaiaren lekua, eta bazirudien horrek harremanen normalizaziorako garaia irekitzeko aukera ematen zuela. Gainera, Barack Obamak Kubarekiko hurbilketa keinuak agerian utzi zituen 2009an, Etxe Zurira heldutakoan.

Urte hartan bertan malgutu egin ziren AEBko kubatarrek uhartera igorritako pakete humanitarioen zorroztasuna eta bidaien inguruko neurriak; ondoren, bidaia akademiakoak, kulturalak eta erlijiosoak erraztu egin zituzten 2011tik aurrera.

Baina abiatutako irekiera arin horrek oztopoa aurkitu zuen handik gutxira: 2009 urte bukaeran Alan Gross enpresari estatubatuarra kartzelara igorri zuten Kuban; eta AEBn espioitzagatik zigortutako bost kubatarren inguruko desadostasunek urrunketa eragin zuten.

2013an berriz ere hurbilketa arina egin zuten bi herrialdeek, migrazioaren eta posta zuzena berriz martxan jartzeko aukeren inguruko elkarrizketekin.

Orain urtebete iritsi zen hurbilketa horren azken irudia, Nelson Mandelaren elizkizunetan. Obamak eta Castrok elkarri eskua eman zioten ekitaldi horretan, eta askok gizalege keinu bat baino zerbait gehiago ikusi zuten bertan.

Asteazken honetan, kapitulu berria ireki dute AEBren eta Kubaren arteko harreman horretan, Gross aske utzita, bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoak berrabiatuta eta bidaietan, merkataritza arloan eta bidalketetan malgutasun planak iragarrita.

Albisteak (1)

Bideoak (1)