Itxi

Harreman diplomatikoak

Frantzisko aita santua, AEB-Kuba negoziazioen bultzatzailea

Erredakzioa

Kuba eta AEBren arteko bilerak Vatikanoan egin dituzte, Lombardik azaldu duenez.

Aita Santua

AEBren eta Kubaren arteko harreman diplomatikoak normalizatzeko prozesuan oinarrizko protagonista izan da Frantzisko aita santua. Vatikanotik azaldu dutenez, aita santuak “oso pozik” hartu ditu herrialde biek atzo egindako iragarpenak.

“Aita santua oso pozik dago AEBko eta Kubako Gobernuek hartutako erabaki historikoaren aurrean”, adierazi du Vatikanoak ohar baten bidez.

Frantzisko aita santuarekin batera, Kanadako Gobernuak ere paper garrantzitsua izan du prozesu horretan, Stephen Harper lehen ministroak onartu berri duenez.

Kuba eta AEBren arteko bilerak Vatikanoan egin dituzte, Lombardik azaldu duenez.

“Urrian, Vatikanoak bi herrialdeetako ordezkariak hartu zituen. Gai delikatuei buruz hitz egiteko elkarrizketa eraikitzailea erraztu nahi genuen. Bilera horietatik bi aldeentzat onuragarriak izango diren irtenbideak atera dira”, irakur daiteke Vatikanoak bidalitako oharrean.

Aita santuak, beraz, “funtsezko lana” egin du Kuba eta AEBren arteko harremanak normalizatzeko prozesuan. Izan ere, “azken hilabeteotan” bi Gobernuetako buruzagiei idatziz zuzendu zaie, “arazo humanitarioak konpontzeko gonbita eginez”. Tartean, atxilotuen egoerari heltzeko proposatu zien aita santuak bi Gobernuei, “aro berri bati hasiera emateko xedearekin”.

Frantziskok egindako lanak laudorioak eragin ditu munduko herrialde guztietan. AEBko eta Kubako presidenteek ere aita santuaren lana goraipatu egin dute.

Hemendik aurrera ere, Vatikanoak bi herrialde horien ekimenak babestuko ditu, prozesuan aurrera egin dezaten.

Albisteak (4)

Audioak (1)