Elkarrizeta Radio Euskadin
Moratinos: 'Posible da agintaldia amaitu aurretik blokeoa kentzea'
IKER GOMEZ / EITB.EUS
AEB eta Kubaren arteko negoziazioen hastapenetan parte hartu zuen Moratinosek, Zapateroren Gobernuko Kanpo Gaietarako ministroa izan zen garaian (2004-2010).
Miguel Angel Moratinos Zapateroren Gobernuko Kanpo Gaietarako ministroa izan zenak adierazi du posible dela blokeo ekonomikoa Obamak agintaldia amaitu aurretik bertan behera uztea. “Inkestek eta herritarrek argi esaten dute: blokeo politikak porrot egin du””, gaineratu du.
AEB eta Kubaren arteko negoziazioen hastapenetan parte hartu zuen Moratinosek, Zapateroren Gobernuko Kanpo Gaietarako ministroa izan zen garaian (2004-2010). Izan ere, Obamaren eskutitza bat entregatu zuen Habanan, elkarrizketa abian jartzeko AEBko presidentearen prestutasuna agertuz.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Zapateroren Exekutiboak abian jarri zuen “elkarrizketa eta elkarlana” gogoratu ditu Moratinosek. “Elkarlan horrek bere emaitzak eman ditu eta, hortaz, estrategia zuzena jarraitu genuen”, adierazi du.
“Bere garaian kritikatu gintuzten pertsona guztiei eskatuko nieke gure estrategia zuzena izan dela onartzea. Elkarrizketa eta elkarlana dira arazoak konpontzen dituztenak”, esan du.
Blokeo ekonomikoarekin amaitzeari buruz, “baikor” agertu da Moratinos. “Azken inkesten arabera, herritar gehienek blokeoa kentzearen alde egingo lukete”.
“Egia da kontrako iritziak ere oraindik badaudela, baina gutxiengo batenak dira. Ez dut uste zailtasun handirik legokeenik blokeoaren amaiera Kongresuan onartu ahal izateko”, gaineratu du.
Zapateroren ministro ohiaren iritziz, Obamak agintaldia amaitu aurretik blokeoa altxatzea posible litzateke. “Anakronismo hori ezabatzeko lan egin behar dugu”, dio Moratinosek.
Blokeoarekin amaitzea “erabaki historikoa” izango dela azpimarratu du, AEBko eta Kubako herritarren onerakoa gainera.
Francisco aita santuak egindako lana goraipatu du Moratinosek, baita Ortega kardinalarena ere. “Negoziazio horren alde lanean aritu da, akordioa lortu arte”.