Pandemia
Ebola kasu bat baieztatu du Eskoziako Gobernuak Glasgown
Erredakzioa
Gaixoa Gartnavel ospitalean zaintzapean eta bakartuta dute. Pazientea osasun-langile bat da eta Sierra Leonatik etorri zen igandean.
Iragan igandean Sierra Leonatik Glasgowra heldu zen osasun-langile batek ebola duela baieztatu du gaur Eskoziako Gobernuak.
Pazientea British Airways konpainiaren hegaldi batean bart heldu zen Glasgowko aireportura, Casablancan (Maroko) eta Londresen geldialdiak egin eta gero. Gaixoa Gartnavel ospitalean zaintzapean eta bakartuta dute, Glasgown.
Gaixoaren nortasuna ez dute jakitera eman. Pazientea goizean ospitaleratu dute ondoezik zegoelako. Berehala bakartu dute, Eskoziako Gobernuak azaldu duenez.
Isilpeko informazioa
Pazientearen nortasunaren berri ematerik ez zuela azaldu du gaur Nicola Sturgeon Eskoziako ministro nagusiak prentsaurrekoan. Glasgowra heldu denetik gaixoa beste pertsona batekin harremanetan izan dela baieztatu du Sturgeonek.
Osasun buruzagiak pertsona horrekin ahalik eta lasterren harremanetan jarriko direla erantsi du Sturgeonek.
Erresuma Batuko protokoloen arabera, Londreseko Royal Free ospitalera eraman dute, bertan bakartzeko.