Itxi

Atentatua Parisen

Nortzuk dira Said eta Cherif Kouachi anaiak?

Erredakzioa

'Charlie Hebdo' aldizkariaren aurkako erasoaren ustezko egileak Said eta Cherif Kouachi dira, aljeriar jatorriko frantziarrak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Said eta Cherif Kouachi anaiak, Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako atentatuaren ustezko egileak, ustezko terroristen zerrendan dituzte Ameriketako Estatu Batuetan aspalditik. Anaietako batek, Saidek, “hainbat hilabete” eman zituen Yemenen armak erabiltzen ikasteko ikastaroak egiten.

Frantsesak dira biak, aljeriar jatorrikoak, eta Frantziako Polizia haien arrastoa jarraitzen ari zen aurretik ere. AEBko Gobernuaren zerrenda horretan daudenez, herrialde horretara heltzen diren hegaldi komertzialetan bidaiatzea debekatuta zuten, New York Times egunkariak argitaratu duenez.

Said da anaia zaharrena eta 34 urte ditu. 2011n Yemenera joan zen Al-Qaida talde terroristarekin lotura duen sare batean entrenamendua jasotzera, ikerketaren nondik norakoak ezagutzen dituzten AEBko eta Europako iturriek adierazi dutenez.

Hainbat hilabetez egon omen zen Said Yemenen. Arabiar penintsulan Al-Qaidak duen sare batean entrenamendua jaso zuen denbora horretan.

Cherif (32 urte), bestalde, 2005ean atxilotu zuten Frantzian. Siriara joateko bidaia prestatzen ari zen, handik, ondoren, Irakera joateko.

2008an hiru urteko espetxe-zigorra ezarri zioten, jihadistak erakartzeko sare batean parte hartzeagatik.

Zerbitzu sekretuek bi anaiak ikertzen jarraitu zuten, baina “atentatu bat prestatzen ari zirela pentsatzeko zantzurik ez zegoen”, Barnard Cazeneuve Frantziako Barne ministroaren esanetan.

Albisteak (5)

Bideoak (1)

Audioak (2)