Alemania
Mahomaren karikaturak plazaratu zituen egunkari bati eraso diote
Erredakzioa
‘Hamburger Morgenpost’ egunkariak azaldu duenez, gaur goizaldean eraso egin diete, harrika, eta su-bonba bat jaurtita.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Charlie Hebdo astekariak argitaratu zituen Mahoma profetaren karikatura berak argitaratu zituen Alemaniako egunkari baten egoitzari eraso egin diote gaur goizaldean. Ondorioz, sute bat piztu da, baina ez da zauriturik izan, Hamburger Morgenpost egunkariak berak jakinarazi duenez.
Hedabidearen arabera, gaur goizaldean, zenbait pertsonak harriak jaurti dituzte eta su-bonba bat jarri dute egunkariaren egoitzan. Sua piztu bada ere, dagoeneko itzali dute suhiltzaileek.
Poliziak egoitzaren inguruan zebiltzan bi gazte atxilotu ditu, jarrera susmagarria zutela iritzita. Oraingoz, ez dute zehaztu zerk eragin duen erasoa, eta ikerketa bat abiarazi dute, gertatutakoaren nondik norakoak argitzeko. Halere, egunkariak azaldu du erasoa Charlie Hebdo astekariak argitaratu zituen Mahoma profetaren karikatura berak omenaldi moduan argitaratu ostean izan dela.