Belgikan erosi zituzten Kouachi anaiek atentatuan erabilitako armak
Erredakzioa
Armak Amedy Coulibaly Parisko juduentzako supermerkatuan izandako atentatuaren egileak lortu zituela uste dute ikerketaren arduradunek.
Charlie Hebdo astekariaren aurkako atentatua egiteko erabili zituzten armak Belgikatik ekarri zituzten Kouachi anaiek, Het Laatste Nieuws egunkariak gaur kaleratu duenaren arabera.
“Said eta Cherif Kouachik erabili zuten suziri-jaurtigailua eta Kalashnikov fusila Belgikatik atera ziren”, zabaldu dute egunkari horretako kazetariek.
Armak Amedy Coulibaly Parisko juduentzako supermerkatuan izandako atentatuaren egileak lortu zituela uste dute ikerketaren arduradunek.
Egunkari horren arabera, bai Kalashnikov fusila bai suziri-jaurtigailua 5.000 eurotik beherako prezioan erosi zituzten, Bruselako Midi geltokitik gertu.
Bestalde, 34 urteko gizonezko bati lau urteko espetxe-zigorra ezarri diote, Kouachi anaien atentatua polizia baten aurrean goratzeagatik.
Antza, edanda gidatzen zihoala harrapatu zuten eta, poliziak gelditu zuenean, Kouachi anaien tiroketa goratu zuen gizonezkoak.