'Charlie Hebdo'
Yemengo Al-Qaidak bere gain hartu du astekariaren aurkako atentatua
Erredakzioa
Interneten zabaldutako bideo batean, Nasr bin Ali al Anesi Arabiar penintsulako Al-Qaidako kideak esan du Mahomari egindako irainengatik mendekua hartu dutela.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Arabiar penintsulako Al-Qaidak bere gain hartu du joan den astean Charlie Hebdo astekari satirikoaren kontra egindako atentatua. Yemenen du jatorria talde horrek, eta Ayman al Zawahiri du buruzagi.
Internetez zabaldutako bideo batean, Nasr bin Ali al Anesi Arabiar penintsulako Al-Qaidako kideak esan du "Mahomari egindako irainengatik mendekua" hartu dutela. Horren hitzetan, Al Zawahirik agindu zuen erasoa egitea, eta taldearen buruzagitzak "antolatu eta finantzatu" zuen atentatua.
"Arabiar penintsulako Al-Qaedak bere gain hartzen du erasoa. Alaren mezulariaren izenean, mendekua hartu dugu. Talde honetako buruzagitzak aukeratu zuen atentatuaren jomuga; atentatuaren egileak ere taldeko buruzagitzak aukeratu zituen", esan du Al Anesik.
Osama bin Laden hil zenean Al Zawahirik hartu zuen Al-Qaidako buruzagitza, eta, bideoan zabaldu dutenez, berak agindu zuen Parisko atentatua.
Hamabi minutu inguruko iraupena du bideoak, eta Al Malahem Media Al-Qaidaren ekoiztetxeak zabaldu du. Al Anesi ageri da irudietan lehen planoan, atzean atentatuaren eta Kouachi anaien irudiak dituela. "Parisko borroka odoltsuari buruzko mezua" izeneko bideoan, hizlariak atentatuaren egileak zoriontzen ditu, "mendekua" hartu zutelako.
"Jainkoari egindako promesak betetzeko altxatu ziren heroi hauek, musulman leialen haserrea sendatu dute eta barruan zuten sua itzali dute", gaineratu du Al Anesik.
Urtarrilaren 10ean zabaldutako mezu batean, Mahoma iraintzen dutenen kontra Pariskoaren bezalako atentatu gehiago egongo direla mehatxatu zuen Yemengo Al-Qaidako beste kide batek, baina ez zuen bere gain hartu atentatua.
Charlie Hebdo aldizkari satirikoak zenbaki berezia kaleratu du gaur: Mahomet (Mahoma) da, beste behin, Charlie Hebdo aldizkariaren azaleko protagonista. "Je suis Charlie" (Ni naiz Charlie) egunotan adierazpen askatasunaren ikur bihurtu den leloa duen kartela du eskuetan, eta goian, izenburu gisara, "Tout est pardonné" (Dena barkatuta dago) irakur daiteke.
Joan den asteazkenean izan zen Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako erasoa; 12 lagun hil ziren.
Coulibalyrekin 'zerikusirik ez'
Egun berean Parisen polizia baten aurka izandako erasoarekin eta bi egun geroago kosher supermerkatu batean izandako atentatuarekin zerikusirik ez dutela esan du Al-Qaidako eledunak. Amedy Coulibalyk egindako ekintzok Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako erasoarekin ez dutela loturarik gaineratu du. "Alaren nahia izan zen ekintza guztiek bat egitea", esan du.
"Borroka bedeinkatu hau Islamaren bi heroi handik burutu dute: Kouachi anaiek. Jainkoak bedeinka ditzala", esan du.
Yemengo Al-Qaidak eraso gehiago egongo direla iragarri du. "Berriro esaten dizuegu. Utzi gure profeta iraintzeari. Ez isuri odol gehiago gure izenean. Alde egin gure lurretatik. Ez ustiatu gure baliabideak. Hala ez bada, Alaren izenean, mendekua hartuko dugu, sarraskiak eginez. Bakea bilatuko duzue, baina ez duzue aurkituko", ohartarazi du.
Kouachi anaien trafikatzaileak Poliziarengana jo du
Bestalde, gaur jakitera eman dutenez, Kouachi anaiei Charlie Hebdo astekariaren kontrako atentatua egiteko armak saldu zizkien Belgikako bizilaguna polizia-etxe batera joan da, Charleroi (Frantzia hegoaldea) hirian. Poliziak galdekatu eta atxilotu egin du. Le Soir egunkariaren arabera, bere kabuz joan da Poliziarengana, Kouachi anaiek armak Belgikan erosi zituztela zabaldu eta gero. Informazio horren arabera, Bruselako Midi geltokian egin zen salmenta, eta ekintzaileek 5.000 euro ordaindu zituzten.
Gizon horren esanetan, Parisko 'kosher' supermerkatuko erasoa egin zuen Amedy Coulibalyrekin egin zuen tratua, baina Coulibalyk Estatu Islamikoarekin harremana zuela jakin zuenean, izutu eta Poliziarengana jotzea erabaki zuen.