Itxi

Analisiak

Fanatismoak eta terrorismoak

Ana Aizpiri | ETB

Al-Qaedaren ustez,  herrialde arabiarretako gizarteak ez daude prest oraindik kalifatoa onartzeko. Hortarako hiltzen jarraitu behar, jendea izuaren izuz makurrarazteko.

Arabiar Penintsulako Al-Qaedak beregain hartu du Charlie Hebdo-ren aurkako atentatua. EFE.

Karikaturgile eta kazetariak hiltzea egiten dutenagatik, dela  idaztea  edo margotzea, ‘Charlie Hebdo’-koekin gertatu den bezala, zaharra da. Albistearen hizkera edo margoaren itxura gustatzen ez zaienean, terroristek mezularia hil  dute, batzutan.

Parisen gertaturiko hiru erasoen inguruan bi sigla ageri dira: AQAP, Arabiar Penintsulako Al-Qaeda  eta EI, Estatu Islamikoa. Bigarrena lehenengoarengandik sortutakoa da.  Al-Qaeda, Osama Bin Landenek eratu zuen, sobietarren aurka Afganistanen trebatutako muyahidinak erakarriz. Estatu Islamikoa Estatu Batuak eta Erresuma Batuko armadek Irak hartu eta gero, sortu zen  Irakeko Al Qaedaren enborretik.

Ideologiak uztartzen ditu biak: salafismo jihadzaleak; hitz gutxitan, islamaren interpretazio muturreko zaharkitua, helburu politikoak lortu aldera hiltzeko grinari lotua; zertarako? agintea hartu eta kalifatoa eraikitzeko, paretik kenduz bestela pentsatzen dutenak, eurak baitira, diote jihadzale hoiek,  Allahren sinismendunen artean musulmanenak.

Al-Qaedaren ustez,  herrialde arabiarretako gizarteak ez daude prest oraindik kalifatoa onartzeko. Hortarako hiltzen jarraitu behar, jendea izuaren izuz makurrarazteko. Estatu Islamikoak baina, aurrea hartu dio Al-Qaedari eta kalifatoa aldarrikatu du. Eraikuntza martxan da, garbia eta gardena, baina odol usai gogaigarriduna. Eta terroristen artean ospea irabazi du, Al-Qaedaren talde batzuk eta disidenteek leialtasuna helarazi baitiote Abu Bakar Al Bagdadik burutzen duen kalifatoari.